argia.eus
INPRIMATU
Larrun mendiko tren turistikoa geldiarazi dute larunbateko protestan
  • Larunbatean, ekainak 10, protesta berri bat egin dute Larrun Ez Hunki elkarteko ekintzaileek, Lapurdi eta Nafarroa arteko mendi mitikoan agintariek egin nahi dituzten obrak salatzeko. Hamar minutuz geldirik eduki dituzte turistak tontorrera igotzen dituzten trenak.

     

ARGIA @argia 2018ko uztailaren 02a

Ziento erdi bat ekintzaile trenbidean sartu beren banderolekin eta trenen zirkulazioa gelditu zuten Iturriederreta izeneko parajean. Mendira bidean zihoazen turistei esku-orriak banatu zizkieten Larrunen departamenduko agintariek dauzkaten planak azalduz. Gidariei berriz eskatu zieten beren mezuak pasaraztea bidaiariei: "Lasserre Larrungo proiektua zertan da?", "Gure hitzordu galdeari erantzuna eman!"... Izan ere, Larrun Ez Hunki kolektiboko kideak kexu dira Larrun inguruak eraldatzeko planak agintariek ezkutuan daramatzatelako eta kontra daudenen iritzirik entzun nahi ez dutelako.

Tren txikiko gidariak mezua pasarazi zuelarik, 10minuturen buruan, protestalariek berriro abiatzen utzi zieten. Ez aurretik iragarri gabe datozen egunetan mobilizazio gehiago antolatuko dutela.

2017an Pirinio Atlantiarreko departamenduak aurkeztu zuenetik Larrun 2020 proiektua, eten gabe mobilizatu dira haren kontra inguruko herrietako jendeak, mendi hura proiektu desarroilista batekin suntsitzeko arriskua dagoelakoan. Agintariek 36 milioi euroko aurrekontua daukate aurrikusia.

Argazkia: Larrun Ez Hunki