argia.eus
INPRIMATU
Lanorduak gutxitzearen alde
  • Soldatak murriztu gabe lanordu edota lanegun gutxiago eskatzen duten ahotsak ugariak dira, lan kalitatea, kontziliazioa, ingurumena, osasuna eta bideragarritasun ekonomikoa bera hizpide hartuz, besteak beste. 30 orduko lan astea eta 1.400 euroko gutxieneko soldata proposatu du LAB sindikatuak. Frantziako Estatuan 35 orduko lan-astea da ohikoena, Espainiakoan 40 ordukoa.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 26a
Argazkia: timewise.co.uk

El Saltoko artikulu luze honetan heldu diote gaiari eta Islandiako proba pilotua jarri dute abiapuntu: gehienez 35 ordu, lau egunetan. Lau urtez egin du proba, sektore ugaritan lanean ari diren herritarren %1arekin, eta positiboa izan da emaitza. Produktibitatea hazi da, langileak motibatuago daude euren lanpostuetan eta langabeziak behera egin du. Adibide gehiago ere aurki daitezke, hainbat enpresa pribatu eta ekimenek egin baitute bat filosofia horrekin.

Sakonean, ikusi da lan gehiago eginez produktibitatea handitu eta soldatak igoko zirela pentsatzea ez dela erreala. Soldatak ez dira handitu eta etekinek esku gutxitan jarraitzen dute; zerga sistemak ere ez du diru banaketa desorekatua konpontzen.

Bi alternatiba baino ez daudela dio Jon Bernat Zubiri EHUko Ekonomia irakasleak, El Salton: edo soldatak handitzea, edo lanorduak gutxitzea soldatak mantenduz. “Azken aukera hori askoz hobea da”. Soldatak mantentzea nabarmentzen du, bestela ekonomikoki erosoen bizi direnek baino ezingo luketelako ordu gutxiago egin.

Zergatik lanordu gutxiago? Aldeko adituek ematen dituzten argudioak ugariak dira. Lanpostuak sortuko lituzke, produktibitatea handitzen dela diote, lan kalitatea hobetzen dela (eta motibazioa), absentismoa gutxitzen dela (denbora gehiago dagoelako lanetik kanpoko zereginetarako), lan istripuen kopurua ere txikitzen dela, osasunari mesede egiten diola, ingurumenaren eta ekologiaren ikuspegitik ezinbestekoa dela lantegien aktibitate orduak murriztea... Horrez gain, zaintzarekin kontziliatzeko lanaldi murriztua hartu ohi dute emakumeek, eta desoreka horri aurre egiteko (eta zaintza ardurak partekatzeko) aukera ona da gizonek lanordu gutxiago egitea.

Bernat Zubirik El Saltoko artikuluan dioenez, eredu honek funtzionatzeko gakoa zerga sisteman dago eta lanorduen gutxitzeak eragindako kosteei enpresa guztien artean egingo liekete aurre, kuota moduko baten bidez, esaterako.