Asteartean eman ditu Eusko Jaurlaritzak EAErako prestatu duen Enplegu Publikoaren lege-proiektu berriaren inguruko xehetasunak. Aldaketa batzuek arreta mediatikoa lortu duten arren, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gehiengo sindikalak egitasmoaren alde ilunak nabarmendu ditu.
Eusko Jaurlaritzak onartu duen Enplegu Publikoaren lege berriak zenbait titular baikor lortu zituen prentsan astearte honetan, neurri berri batek hauspotuta nagusiki: guraso izateagatik har daitezkeen baimenak: %100 ordainduta, berdin aplikatuko zaizkie aurrerantzean gizonei eta emakumeei, baita LGTBI bikoteen kasuan ere.
Aurrerapausotzat jo zuten neurria hedabide askok, gaur egun generoaren araberako desberdintasuna egiten baita funtzio publikoan diharduen langile bat guraso izaten bada: emakumeek 18 asteko baimena har dezakete eta gizonek berriz 4 astekoa. Lege berriak bikoteko bi kideei 16 asteko baimena hartzeko aukera emango die.
Baina foku mediatikoa neurri horretan jarri bazen ere, Jaurlaritzaren lege berriak baditu baikortzat jo ezin daitezkeen aldaketak ere. Hala uste dute behintzat ELA eta LAB sindikatuek. Enplegu Publikoaren legeaz ARGIAren Plazan sindikatuok argitaratu dituzten oharrek zenbait puntutan bat egiten dute: langile publikoen behin-behinekotasun maila “betikotu” egingo dela uste dute bi sindikatuek. %40aren inguruan dago interinitatea EAEko langile publikoen artean eta sindikatuek salatu duenez, lege berriak ez dio egoera horri mugarik jarriko.
ELAren ustez, lege berriak “berme urriagoa ematen die” langileei postu finkoa lortu ahal izateko aurretik indarrean dagoen 1989ko Euskal Funtzio Publikoaren legeak baino. Sindikatu honen arabera, Jaurlaritzak langile publikoentzat orain aurreikusi duen soldata-igoera ere “oso eskasa” da, 2019ko aurrekontuen lege-proiektuan zekarrena baino txikiagoa.
Eta gainera, Lakuak eman duen urratsarekin, “enplegatu publikoaren izaera bera, erabakiak hartzeko objektibotasuna eta independentzi, zalantzan jarriko da”.
“Enplegu publikoaren arazo larria arintzeko aitzakiarekin, lege proposamenaren neurri neoliberal guztiak pakete bakarrean onartzea nahi du Jaurlaritzak”, LABen ustez. Zentral sindikal honek prekarietatea bere mesedetan erabiltzea leporatu dio Jaurlaritzari. Argitaratu duen oharrak dioenez, “lanpostua egonkortzeko aukera aitortu behar zaie urteetan lanpostu horietan egon diren langileei, betiere administrazioan sartzeko garaian berdintasun eta gardentasun printzipioak eman baziren”.
Enplegu Publikoaren lege berriak ez du hori ahalbidetuko ordea, LABen ustez. “Horren aurrean langileekin adostasunik ez duen Enplegu Publikoaren Lege egitasmo neoliberala berriro tiraderan gorde dezala, eta enplegu publikoa kontsolidatzeko eta egonkortzeko lege bat presta dezala erantzuten diogu Jaurlaritzari”.