“Lehenengo mailako ikasleek enpresetan egin dituzten praktikak existitu ez balira bezala jokatzeko eta notak aurreko sistemaren arabera jartzeko eskatu digute”, adierazi dio ARGIAri irakasle talde batek. Hori eta beste hainbat adibide eman dizkigute, azaltzeko modu alegalean eta arazo askorekin aplikatu dutela Lanbide Heziketako Espainiako dekretu berriak ezarritako sistema Duala.
Lanbide Heziketaren Espainiako Errege Dekretua indarrean da, baina dekretu horretatik aterako den curriculum ofiziala eta ondoren zehaztuko den Oinarrizko Curriculum Diseinua (OCD) oraindik ez daude indarrean. “Oinarrizko Curriculum Diseinua prest egon arte itxaron beharrean, horren zirriborroa (eta dokumentuek hala diote gainera, zirriborroak direla) aplikatzera behartu gaituzte, presaka, eta ez dugu ulertzen zergatik, ez du ez hanka ez bururik”, azaldu diote irakasle hauek ARGIAri.
Emaitzetako bat da gaur egun oraindik indarrean diren programazio eta edukiak eman dituztela, baina horretarako ordu gutxiago izanda (indarrean ez den OCD berriaren zirriborroa aplikatu dutelako eta zirriborroak ordu gutxiago esleitzen dielako ikasgaiei, ulertuta ikasgaiaren ordu kopuru bat enpresetan emango dela, sistema Dualaren bidez).
Beste emaitza bat: sistema Duala (enpresetako praktikak) martxan jarri dutela lehenengo eta bigarren mailako ikasle guztiekin, baina gaur egungo sistemak ez duenez jasotzen lehenengo mailako ikasleek praktikak egin behar dituztela, eta sistema hori denez indarrean dagoena, Duala egin duten ikasleek ez dutela Duala egin adierazi behar dute orain irakasleek, kontatu digutenez: “Esan digute, ‘Duala aurten ez da existitu eta notak jarri aurreko sistema kontuan hartuta’. Alegalitatean mugitzen direnez, legea ez direlako ari betetzen behar den moduan, halakoak gertatzen dira”.
"Administraziotik eskatu digute, paperean ezin denez jaso ikasleek praktika horiek egin dituztela, nota hurrengo urterako gordetzeko, baina hori guztiz ilegala da"
Beste adibide bat: Duala egiteko ikasleak ez du dena gaindituta izan behar, baina orain arteko sisteman bai izan behar ditu ikasgaiak gaindituta, eta gertatu da ikasle batzuek Duala egin dutela, alegia praktikak egin dituztela enpresetan, baina indarrean den sistemaren arabera ezin zituztela praktikak egin: “Administraziotik informalki eskatu digute, paperean ezin denez jaso ikasleek praktika horiek egin dituztela, nota hurrengo urterako gordetzeko, baina hori guztiz ilegala da, teorian praktika horiek ez daude gaindituta eta beraz agian berriro errepikatu beharko ditu ikasleak datorren ikasturtean”. Gainera, zein nota du ikasle horrek, ikasgaia ez badu gainditu eta teorian egin ez dituen praktikak bai? Irakasleek ez dute erantzun garbirik.
“Halako gauza ilegalak estaltzeko eskatzen ari zaizkigu”, diote ARGIAren elkarrizketatuek. Aldaketa guztiak, hori bai, beti ahoz adierazten dizkietela nabarmendu dute irakasleek, inoiz ez idatziz. “Interpretatzen dugu dela legalki erantzukizunak saihesteko. Ikasleekin zerbait gertatzen bada (baita titulua dagokien ala ez erabakitzeko ere) erantzukizuna irakasleon gain jartzeko modua izan da. Sentsazioa dugu jakitun direla gauzak trakets egiten ari direla baina berdin zaiela, azken erantzuleak gu garelako. Arduragabekeria handia ikusten dugu. Badirudi, hau guztia praktikan jarrita, nahi dutela arazoak zein diren ikusi, ondorioak beren gain hartu gabe, eta baliatuko dutela ondoren testu irmoagoa idazteko”.
“Arazo asko eta erantzun gutxi”
Duala nola gauzatu esperimentatzeko aurretik proiektu pilotuak egin izan direla aipatu dute solaskideek: “Dena ongi omen zihoan, akatsik gabe. Aurten denak hasi gara Duala aplikatzen, eta makina bat arazo agertu dira. Zelan egin dute proiektu pilotu hori inongo akatsik ez egoteko?”. Arazo errepikatuenetako bat: NIErik ez duten ikasleek enpresetan praktikak ezin egin aurkitu direla; beste bat, hainbat enpresak ez zituztela lan prebentzioetan adin txikikoak barne hartzen… “Ezin zen aurreikusi? Guk adibidez adin txikikoak badaezpada ez ditugu bidali enpresetara. Galdera eta zalantza asko egon dira, eta erantzun eta informazio falta izugarria”.
"Sentsazioa dugu jakitun direla gauzak trakets egiten ari direla baina berdin zaiela, azken erantzuleak gu garelako. Arduragabekeria handia ikusten dugu"
Datorren ikasturteari begira, “gertatutakotik ikasi beharrean, hiru hautazko berri eta Duala jarri beharko ditugu martxan, alegia lau gauza oraintxe bertan indarrean dugun Oinarrizko Curriculum Diseinuan existitzen ez direnak”, kexu dira irakasleak.
Errege Dekretua inplementatzeko modutik harago, lege berriak kritikak jaso ditu, eta horren berri eman dugu ARGIAn: Lanbide Heziketa Dualaren “gezurra” salatu eta egoera aldatzeko eskatu du irakasle talde batek