Osalanek emandako datuen arabera, 2017an 33.398 lan istripu izan ziren. Horietako zati handiena langilea lanean hasi eta sei hilabeteren buruan izan ohi da.
Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, Osalanek, 25 urte bete ditu aurten eta mende laurden horren balantzea baliatu du iazko lan istripuen datuak emateko. Zehazki, iaz 2016an baino %5,5 lan istripu gehiago izan zen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian.
2017an lanean hil zirenen kopurua txikiagoa izan bazen ere –32 lagun hil ziren, aurreko urtean baino zortzi gutxiago– istripu larriek %12 egin dute gora. Nolanahi ere, Osalanek nabarmendu du erakundearen historian %22 gutxitu direla lan istripuak.
Ekonomiaren gorakadari egotzi dio Alberto Alonso Osalaneko zuzendari nagusiak lan istripuen azken urteko gorakada hori, asteazkenean Barakaldon egindako txostenaren aurkezpenean: 2017an lan kontratuarekin aurreko urtean baino 17.000 lagun gehiago zeudela gogorarazi du. Nolanahi ere, estatistiketan langile autonomoen datuak falta dira eta horrek lan istripuen panoraman itzal handia eragin dezakeela aitortu zuten aurkezpenean.
Aitzitik, istripuen eragintasun indizea hazi egin da. Mila enpleguko dauden istripu kopurua zenbatzen du indize horrek eta 2017an 38,01-era igo zen, eta sektore guztietan egin zuen gora, arrantza eta nekazaritzan izan ezik. Hau da, enplegua baino gehiago ugaritu ziren lan istripuak iaz. Eusko Jaurlaritzako Laneko sailburu Maria Jesus San Joseren iritzitan "ez dago kalitatezko enplegurik segurtasunik gabe".
Lan istripuen gehiengoa langilea lanean hasi eta lehenengo sei hilabetetan gertatu ohi da. Hain justu, berrikitan Lan Harremanen Kontseiluak ohartarazi du behin-behinekotasun tasa "egiturazko" bihurtzen ari dela, horrek dakartzan prekarietate eta arriskuekin.