Lanuzteak 10:00etatik 14:00etara bitartean egingo dira, Gure lan hitzarmen sektorialen eta enpresa hitzarmenen defentsan lelopean. Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazioak deituta daude 11:30etarako.
Uztailaren 7tik aurrera, sindikatuen arabera 300.000 langile baino gehiagori eragingo die lan hitzarmenen desagerpenak.
Gaurko mobilizazioak Bizkaiko eta Gipuzkoako merkataritzan eta ostalaritzan eragina izango duela esan dute sindikatuek, baita osasun establezimendu pribatu eta Bizkaiko eta Arabako metalgintzan ere. Gipuzkoaren kasuan, azken asteetan metalgintzan hainbat mobilizazio egin direnez, lurralde honetako metala ez dago lanuztean parte hartzera deitua.
Cecobi Bizkaiako merkataritzaren patronala lanuzteen aurka agertu da. Erakundeko presidentea Pedro Campok esan duenez, “sindikatuen lanuzte hauek erabat arduragabeak eta txarrak dira sektorearen garapenerako, are gehiago sektorea 36 hilabete jarrian salmenten jaitsierak pairatzen ari denean”. Patronalak, langileei eskatu die mobilizazioetan ez parte hartzeko eta lanean jarraitzeko normaltasun osoz.