argia.eus
INPRIMATU
Kritikoak edo kritikariak
Haritz Arabaolaza 2025eko irailaren 19a

Aurrekoan idatzitako Irakasleon figura artikuluaren harira, kontu esanguratsu bat landu nahiko nuke. Artikulu horretan aipatu bezala, jende askoren ahotan dabil irakasleon lan karga baxua dela (gehienbat hezkuntza publikokoena), eta ditugun pribilegioak gehiegizkoak direla. Ez dira inoiz lanpostu mota honek dituen aspektu negatiboak baloratzen: egunerokotasunean nerabeekin tratatzeak dakarren higadura, etxera eramaten diren burujanak, lantokitik kanpo sartzen diren orduak eta abar.

Ez naiz kritika merke hauek egiten dituztenen kontra jarriko, izan ere, denok erortzen gara ingurukoak kritikatzeko tranpa horretan noizbehinka. Orokorrean, ingurukoen ongizatea kritikatzen dugunean, gure egoera pertsonala nahi bezain besteko ona ez delako izaten da. Estresa, ardura, bizitzarekiko desenkantua edo bestelako arazoak direla medio. Hortaz, gure bizitza hobetzeko eta zoriontsuago izateko esfortzu bat egin beharrean, besteen bizkarrera gaizki esaka ibiltzeko joera dugu. Alta, gure egoera ona denean eta zoriontsu sentitzen garenean, ez dugu besteak kritikatzeko beharrik izaten, eta bizitzako aspektu ezberdinak modu positiboago batean ikusteko gai gara. Hortaz, besteak kritikatzeari ekiten diogunean, gure buruari begira jarri beharko ginateke, ia gure barnean hutsuneren bat ez ote dugun igartzen. Bestalde, pertsona konkretu baten jokaera kritikatzea eta kolektibo oso bat kritikatzea oso gauza ezberdinak dira. Gai askoren inguruan, hausnarketa sakon bat egitea komeni izaten da hitz egin aurretik, bestela, diskurtso sinplista eta interesatuetan erortzeko arriskuan egon gaitezke. Edozeinen iritzia errespetatu behar dela baderitzot ere, iritziak umiltasunez eman behar direla uste dut. Baita iritzi firme bat edukitzeko, gaiaren sakontasun mailaren besteko hausnarketa maila eskatu beharko litzatekeela ere.

Norberaren eskubide edota lan baldintza duin batzuengatik borrokatzeak esfortzu handiagoa eskatzen du ondokoa larrutzeak baino

Kuriositate bezala, lagun batek behin esan zidana etorri zait gogora. Irakasleok lan ordu kopuru eskasa egiten dugula eta fitxatu egin beharko genukeela esan zidan. Itxuraz, arduratuta zegoen gure lan orduak gutxienez bereak bestekoak izateko kontrol eza zela eta. Harritu eta ernegatu ninduena izan zen, bera guraso dela jakinda, momentu batean ere ez zuela hezkuntza kalitatea nola bermatzen ote denaren inguruan inolako interesik jarri. Edota irakaskuntza metodologia egokia den edo ez denaren inguruan. Bost axola klasea nola ematen den edo irakasleak arduratsuak diren edo ez; garrantzitsuena zortzi ordu santuak sartzea omen da batzuentzat.

Enpresa pribatuan lan egindakoa ere banaiz, eta bertan ere, lankideen arteko kritikak ugariak dira. Askotan kritikak oso subjektiboak izaten dira, eta gehienetan inbidiak eta interesak sustatutakoak. Izan ere, sarritan gertatzen da, ingurukoak une oro kritikatzen dituzten morroiak, lan gutxien egiten saiatzen diren berberak izatea. Edo arduradunengandik gehien kexatzen diren berberak arduradun izatera pasatzen direnean kabroienak izatea.

Beste kontu batzuekin ere kritiketan sartzen jaioak gara. Ezagunen batek sekulako autokarabana erosi, oporretan leku exotiko batetara bidaiatu, etxe elegante bat erosi edo lanaldia murriztea erabakitzean, kritiken objektibo izan daiteke. Norberak hauetako lorpen bat irabaziz gero, eskubide osoa dugula sinetsiko dugu, baina ondokoak lortuz gero, agian ez dugu begi onez ikusiko.

Horrekin guztiarekin, uste dut gehiegitan norberaren prekaritatearen aurka egin beharrean, besteen prekaritatea eskatzen dugula ordainetan. Noski, norberaren eskubide edota lan baldintza duin batzuengatik borrokatzeak esfortzu handiagoa eskatzen du ondokoa larrutzeak baino. Besteak kritikatu aurretik, gure buruari galdetu beharko genioke ea egiten dugunarekin gustura gauden, ea gure lana arduraz egiten dugun, eta bizitzaz gozatzeaz gain ea gizarte honi zerbait eskaintzen diogun. Susmoa daukat, gizartea hobetzeko ahaleginaren diskurtsoaren atzean, norberaren gabezia eta frustrazioak azaleratzen ez ote diren, gai askoren inguruan hitz egiten dugunean. Azkenik, gizarte oso indibidualista batean bizi garela onartu beharko genuke, eta guk geuk ere indibidualismoa sustatzen dugula sarritan.

Pribilegio, eskubide, baliabide edo dena delakoak modu ekitatiboan banatzearen aldekoa naiz, baina prest al gaude hartu ez ezik gurea dena besteekin elkarbanatzeko ere? Gizaki denok duintasunez bizitzeko, seguruenik denok eskaini beharko genituzke gure erosotasuna bermatzen duten baliabide askotariko batzuk, eta zalantzak ditut horretarako prest ote gauden, edo gure “eskubideak” eskatzeko besterik ez dugun ahotsa altxatuko.

Haritz Arabaolaza, irakaslea