Kosta Vaxevanis, iazko urrian 2.000 iruzurgile fiskalen izenak argitaratzeagatik jazarria izan den kazetari greziarrari elkarrizketa egin dio The New Statesman agerkariak.
Londresen, adierazpen askatasunaren aldeko ahotsak nabarmentzea xede duten Index sarietan, elkarrizketatu zuen Daniel Trilling kazetariak Vaxevanis. Galdera-erantzun batzuk euskaratuta jaso ditugu hemen.
Index saria jasotzean greziar diktaduraz aritu zinen...
Gertatzen ari dena kezkagarria da. Greziako diktaduraz [1967-1974] geroztik lehendabizikoz, greziarrak ezin daitezke fidatu hemengo hedabideez, hemen gertatzen ari denaz jabetzeko. Greziar hedabideek ez dute nire kasua jarraitu, adibidez.
Parlamentutik pasatzen ez diren legeak onartzen dira, sektore batzuen mesederako. Esaterako, Greziako nekazari-bankuak milioiak ordainduko zituela [zergetan] aurreikusten zenean, lege berria onartu eta deus ordaindu beharrik ez zuela esan zioten.
Interes ekonomikoak dituzten jabeen menpeko hedabide ugari balia daitezke lege horietaz.
Kazetaritza independentea mehatxu gisa ikusten da. (...) Enpresa batzuek harremanak dituzte Gobernuarekin. Krisi garaian kazetariek hitz egiteko behar handiagoa sentitu dute, baina Gobernuaren etsai bilakatzen dira automatikoki. Lagun baten mezua jaso berri dut. Kazetaria da eta sariagatik zoriondu egin nau. Barkamena eskatu dit, ordea, bere telebista programan ezin duelako horri buruz ezer esan.
Hainbatek salatu duenez, arauturik ez dauden telebista kate pribatuak etorkinen aurkako jarrerak sustatzen ari dira.
Erreskateaz geroztik, immigrazioaz mintzatzean, hedabideen egitekoa herritarren artean beldurra zabaltzea izan da. Urrezko Egunsentia alderdi ultraeskuindarraz aritzen dira maiz albistegiak. Haien ikuspegia zabaltzen dute: "Bai, litekeena da boterean gauden guztiok ustelak izatea, baina boterea utzuko bagenu, kontrola lagako bagenu, arriskutsua litzateke. Beraz, funtsean hobe da sistema ustel hau edukitzea batere gobernurik ez edukitzea baino".
Hedabideak Urrezko Egunsentiaren mehatxua puzten ari al dira?
Bai, batetik, mehatxu hori puztuta, haien presentzia handitu egiten da, eta publikoarengana errazagao hel daitezke.
Bestetik, hedabideek elkarren kontra dauden bi polo aurkezten dizkigute: Urrezko Egunsentia alde batean, eta ezkerreko Syriza besteak. Italian egindako moduko zerbait egin nahi dute. Zera diote: "Bi polo hauek dituzu. Egin behar duzun guztia da erdibideko lekuren batera etortzea. Han gaude gu. Ustelak izan gaitezke, baina ziur ez duzula bi horietako inor nahi".
Zein paper joka dezakete honetan guztian atzerriko hedabideek?
Greziarrek euren herriari buruzkoak ezagutzeko atzerriko hedabideetara jo behar dute. Agintariek hedabideengan ezarri ohi duten kontrolaren aurka borrokatzeko leku egokia da Grezia. (...) Internetek ez du mugarik. Sare sozialen papera oso garrantzitsua da. Lehen eman dudan prentsaurrekoan tweet bat bidali dut eta 300.000 lagunengana heldu da.