Mikel Sanchez Osakidetzako Plangintza zuzendariak eman du heriotzaren berri. Sektore pribatuko langilea da koronabirusaz hildakoa eta zehaztera eman duenez, beste patologia bat ere bazuen.
Euskal Herri mailako osasun zerbitzuko bigarren langile bat hil da koronabirusaren ondorioz. Mikel Sanchez Osakidetzako Plangintza zuzendariak jakinarazi du ezbeharra apirilaren 4 honetan. Emandako informazioen arabera, EAEko osasun arlo pribatuko langilea zen eta koronabirusaz gain, beste patologia bat ere zuen. COVID-19an positibo emanik, Gurutzetako Erietxean zegoen ospitaleraturik eta han hil da.
Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren izenean, elkartasun osoa helarazi die hildakoaren hurbilekoei baita "egunotan senideak galtzen ari diren Euskadiko familia guztiei ere".
Koronabirusagatik hildako osasun zerbitzuko bigarrena da. Martxoaren 19an hil zen lehena, Osakidetzako 52 urteko erizain bat.