argia.eus
INPRIMATU
Koronabirusa: 1.000 heriotzen marra gainditu da Afrikan
  • Aljerian dira koronabirusagatik hildako gehienak, orotara 364 dira. Munduko Osasun Erakundeak bere kezka berretsi du apirilaren 17an: abiadura handian hedatuz doa birusa kontinente horretan ere.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 18a

Apirilaren 18ko datu ofizialei segi, koronabirusagatik hildakoak milaz gora dira Afrikan. Zehazkiago, ondoko herriak dira gehien hunkiak: 364 hildako dira Aljerian, 205 Egipton, 135 Marokon eta 50 Hego Afrikan. Abiadura handian hedatuz doa koronabirusa kontinente horretan ere. Bere kezka adierazi zuen apirilaren 17an Munduko Osasun Erakundeak (MOE): "Aste honetan %51z emendatu da kutsatutakoen kopurua eta %60az hildakoena", Tedros Adhanom Ghebreyesus egiturako zuzendariak jakinarazi duenez. Zehaztu ere du seguruenik zifra errealak askoz altuagoak direla. Jakina da orokorki munduan ofizialki emandako kopuruak baino askoz handiagoak direla benetan koronabirusak kutsatutakoak ala hildakoak.

Afrikako 54 herrietatik 52tan presente da koronabirusa. Prebentziorako baliabideak eskas ukanki eta osasun sistema kaskarragatik, egoera laster okertuko dela diote osasun arloko aditu askok. Munduko Osasun Erakundeak zehaztuari segi, "oraingoz kontrolatzen ahal den egoera batean dago izurritea". Baina kezka nagusi da hala ere, egoera sozio-ekonomikoagatik epidemiari aurre egiteko baliabideak eskas dituztelako. "Egoera txarra baino txarragoa bizitzera" preparatzeko deia luzatu zien afrikarrei MOEko zuzendariak.

Munduko Bankuak eta Munduko Diru Funtsak egin kalkuluen arabera, 114 miliar dolar behar lituzke Afrikak izurriteari aurre egiteko. Oraingoz, publikotik zein pribatutik, 70 miliar dolar bideratuko dira. Hori horrela, 44 miliar eskas dira.