argia.eus
INPRIMATU
Kornuallesko erraustegi berriak zazpi hilabete daramatza argindarrik sortu barik
  • Haserre dago jendea Kornuallesen (Britainia Handia). Urte askotako eztabaida eta oposizioa gainditzeko, St. Dennis erraustegia sustatzen zuten agintari eta enpresak argudio garrantzitsutzat aurkeztu zuen zaborrak kiskaliz argindarra sortuko zuela. Baina hilabeteak aurrera doaz, zazpi dagoenekoz, eta labeetako beroari argindarrik ateratzerik ez dute lortzen.

Zero Zabor @zero_zabor 2019ko urtarrilaren 14a
2017ko martxoan jarri zuten martxan St. Dennis erraustegi berria Kornuallesen. (Argazkia: Cornwall News)

Suez multinazional frantziarrak orain dio St. Dennis erraustegia otsailean has daitekeela zaborrak errez lortutako berotik argindarra sortzen, baina horretarako hondatutako zirkuituetan pieza berriak jarri beharko dituzte, espreski erraustegiaren neurrira eginak. Baina hori gertatu bitartean, martxoan inauguratu eta ekainerako argindarra sortzeko sistema matxuratu zen arren, labeetan jarraitzen dute zabor nahasiak erretzen, deus gertatuko ez balitz bezala, errausketaren aurkako ekintzaileen eta inguruko herritarren haserrerako. Albistea INews hedabideak zabaldu du.

Errausketaren inguruko eztabaida berotzen ari da Erresuma Batuan, hondakinen kudeaketa horren aurkako ekintzaileek urteetan esan dituztenak behin eta berriro frogatzen ari diren arren Londresko agintariek erraustegi berrientzako baimenak ematen ari direlako. Kornualleskoaren matxuraren aurretik, Gloucesterreko erraustegi berriaren zulo ekonomikoa azaldu berri da, eta justu duela egun batzuk Brightoneko herritarrek jakin dute haiek gaika sailkatuta bildutako hondakinak enpresak berriro nahastu eta erraustegira eramaten dituela kiskaltzera. Hondakin bilketa zerbitzuko langile batek salatu duelako ezagutu dute herritarrek Veolia multinazionalak ondo ezkutatuta zeukan errealitate zikina.

Ken Quantick (71 urte), Brightonen gaika bildutako zaborrak Veoliak erraustegira eramaten dituela azaldu duen langilea. (Argazkia: The Argus)