argia.eus
INPRIMATU
Kooperatiba eraldatzaileak lurraldean nola saretzen diren aztertzeko plaza Lazkaon
  • Lazkaoko Biziola Fabrikan Lurralde Kooperatibak Josten jardunaldiak egingo dituzte urriaren 6an eta 7an, OlatuKoopek Mondragon Unibertsitateak eta GEZKIk antolatuta. Esperientzia kooperatibo eraldatzaileak ezagutuko dituzte topaketa horretan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko urriaren 06a
Lazkaoko Biziolan egingo dituzte lurralde kooperatiboen inguruko jardunaldiak (argazkia: Biziola)

Kooperatiba eraldatzaileak ugarituz joan ahala euren artean saretzen ari dira lurralde eta eskualde askotan. Lazkaon duela gutxi martxan jarritako Biziola kooperatibaren fabrikan esperientzia horiek ezagutzeko aukera izango da urriaren 6an eta 7an, Lurralde Kooperatiboak Josten jardunaldian.

"Esperientzia kooperatibo eraldatzaileen arteko topaketa hauek elkarrekin ikasi, hausnartu eta erronkei elkarrekin heltzeko plaza izatea nahi dugu", azaldu du Andoni Mikelarena Talaios kooperatibako eta Biziolako kideak. Jardunaldiak KoopFabrika programaren barruan antolatu dituzte OlatuKoopek, Mondragon Unibertsitateak eta GEZKIk.

Besteak beste, Lakaon izango da Ivan Miró Bartzelonako La Ciutat Invisible ekimenaz eta polo kooperatiboez hitz egiteko; Jule Goikoetxea EHUko irakaslea, XXI. mendeko lurraldeez eta demokraziaren pribatizazioaz ariko da; eta Andoni Egiak gobernantza publiko-komunitarioak izango ditu hizketagai. Horrez gain, Hernani Burujabe eta Malerreka Commons esperientziak ere ezagutuko dituzte.

Bi egunez, esperientzien trukeak, lurralde eskolak, musika emanaldiak –ostegunean Ines Osinaga izango da– eta amaierako festa egingo dituzte.

Biziola kooperatiba martxoan aurkeztu zuten, "Goierri bizigarriago bat" egiteko fabrika gisa, eta ekonomia sozial eraldatzaileko eragileak eta bestelako erakundeak saretzeko ekimenak barnebiltzen ditu. Urriaren 20an, esaterako, Kooperatibismo Feministaren Topaketa egingo dute bertan, Farapi Koop-ek antolatuta.