Astelehen arratsaldean konfiantza mozioa galdu du Frantziako lehen ministro François Bayrouk. Konfiantza mozioa eskatu zuen, datozen lau urteetarako austeritate usaina zuten aurrekontu batzuk aurkeztu eta bere aurkako zentsura mozioa iragarri zuenean eskuin muturrak. Aurrez esana zuen bezala, ordea, ezkerrak ere ez du Bayrou babestu, eta dimisioa eman beharko du orain, konstituzioak agindu bezala. Azkenen hiru urteotan Frantziak izan duen laugarren lehen ministroa izan da. Macronek porrot egin du berriz ere zentro-eskuinaren aldeko apustuarekin. "Egun gutxian" lehen ministro berria izendatuko dutela iragarri dute.
Sorpresarik ez Frantziako Asanblea Nazionalean. Inork ez du François Bayrou salbatu. Europar Batasuneko bigarren ekonomiaren gidaritzapean hamar hilabete besterik ez ditu iraun. Parlamentuan ezkerra gehiengoa den herrialdean bizi den krisi instituzionalaren isla, Emmanuel Macronen zentro muturrak gero eta babes txikiagoekin gobernatzen du Eliseoan, eta eskuin muturra da inkesten buru.
19:00ak baino lehentxeago, Yaël Braun-Pivet Frantziako Asanbladako presidenteak iragarri du emandako 558 botoetatik 364 diputatuk kontra bozkatu dutela, eta 194k alde; ondorioz, lehen ministroak dimisioa aurkeztu behar izan dio Macroni.
"Gehiengoa lortzen badugu, gobernua berretsiko dute; bestela, erori egingo da", adierazi zuen dagoeneko jarduneko Frantziako lehen ministroak asteleheneko konfiantza mozioaren bozketaren erronka azaltzerakoan. Bere aurkako zentsura mozioei aurre egin nahian, konfiantza mozioaren bozketa jarri zuen agendan, berdin-berdin bere postua jokatuta. Hala, Bayrou lehen ministroak galdu egin du berak aurkeztutako konfiantza mozioa eta dimisioa eman beharko du.
Macronek bi aukera zituen: Asanblearen babesa lukeen beste lehen ministro bat aurkeztu (bosgarrena hiru urteotan, Berrian Iker Aranburuk gogoratu duen bezala), ala hauteskundeak deitu. Eliseoak jada iragarri du beste lehen ministro bat izendatuko duela.
Ikusiko den bezala asteazkenerako deituta dagoen Frantziako Estatu mailako protesta handia austeritate politiken aurka. Jenofa Berhokoirigoinek ARGIAn jaso zuenez, Jaka Horien mugimenduaren jarraipen gisa ikusten dute batzuek, nahiz eta oraingoan, ezberdintasuna den, alderdi politiko eta sindikatuen babesa duen.
Ipar Euskal Herriari dagokionez, badabiltza herritar batzuk giroa berotu nahian eta eragile sindikal batzuek ere bat egin dute dagoeneko deiarekin. Tartean dago, besteak beste, LAB: "Mugimendu honek adierazten duen haserre soziala zilegi da, eta konpartitzen dugu. Izan ere, Bayrouk iragarritako austeritate plana langileen bizitza prekarizatzen ari diren azken urteetako politika antisozialen jarraipenean kokatzen da".
Urriaren 9rako grebarako deia luzatua dute langile sindikatuek eta bi deiak batzen ditu plazaraturiko LABen agiriak: "Dena blokeatzea ez da erabakitzen, antolatzen baizik. Greba egitea ere dena blokeatzea da. Bide horretatik blokeatu nahi duten langileei dei egiten diegu gurekin harremanetan jar daitezen. Horretarako, datorren urriaren 9rako mobilizazio eta greba egun gehiago iragarriak genituen, segi dezagun mugimendua indartzen eta borrokak bat egiten".
Uztailean datozen lau urteetarako aurrekontuak aurkeztu zituen Bayrou Frantziako lehen ministroak. Eztabaidaren erdigunean jarri zuen herrialdeak duen zor publikoa, baina kritika handiak eragin zituen, hurrengo urteetako aurrekontuetan urtero 43.800 milioi euro murriztu nahi zituela iragarri zuenean, besteak beste, pentsioak izoztuta, lan publikoak eta osasuneko gastua murriztuta, baita bi jai egun nazional kenduta ere.
Berehala, Marine Le Pen buru duen RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiak babes aldetik indartsu ez zebilen lehen ministroaren aurka zentsura mozio bat aurkeztuko zuela iragarri zuen. Ondoren, bera aurreratu eta konfiantza mozioa aurkeztu zuen.