Prentsan 1869tik 2000. urtera bitartean argitaratu diren kronika gogoangarriak bildu ditu Koldo Izagirrek ARGIArekin kaleratu berri duen liburuan. Zaldi bat ihes garrezko zelaian. Asteazkenean (hilak 26) aurkeztuko du, 12:00etan Donostiako Alde Zaharreko Udal Liburutegian.
Asko ezagutzen ez ditugun kronikarietatik luma ezagunetaraino, urtetan artxibategietako ilunpean egon den testu eder mordoxka bat berreskuratu digu egileak. Beste herri eta kultura askotan beren kazetaritza lan fundazionalez gozatzeko aukera duten bezala, euskaldunok ere material hau eskura izango dugu aurrerantzean. Kronika hauetan aurkituko ditugu atzerriak eta aberriak, gerrak eta kartzelak, elurrak eta itsaso zakarrak, bidaiak eta erromeriak… Nekez irakur zitezkeen lekuetatik atera, galbahean mimoz astindu eta liburuan bildu ditu Izagirrek. Edizio honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du.
Ez du edozein prentsa-genero hautatu egileak. Kronika. Oso estimuan ez dagoena sarri, uneko umorea ondoen kontatzen dakiena baina. Euskal prentsaren historiaren beste zati bat dugu jasoa, baita euskal historiaren beste kontakizun, bizipen eta giroen adierazle ere. Gorka Bereziartua Mitxelenak hitzaurrean dio: “Gauzak mugitzen hasten diren garaietarako literatura da kronika. (…) Gerora ere, bolada batzuetan gehiago, besteetan gutxiago, kronika beti berragertzen da (…). Bizitzaren martxari egokien lotzen zaion kontamoldea delako, beharbada. Lekuko izan denaren hizkera darabilelako, noski; aldi berean jaso dezakeelako datu hotza eta momentuko emozioen usaina”.
- Liburua ARGIAren webgunean duzue salgai, 25 euroan.