argia.eus
INPRIMATU
Koalizio kontserbadoreak irabazi ditu hauteskundeak Portugalen, eta eskuin muturrak gora egin du
  • Lehen ministro Luis Montenegro buru duen AD koalizio kontserbadorea gailendu da Portugalgo Legebiltzarrerako hauteskundeetan, bozen %61 lortuta –iaz %51 eskuratu zituen–. Irabazleen artean Chega eskuin muturreko alderdiko hautagai André Ventura ere badago, sozialistek bezainbat eserleku lortuta. Alderdi Sozialistak zortzi hamarreneko aldea besterik ez dio atera Chegari, eta emaitza kaxkarrek bultzatuta, alderdiko buru Pedro Nuno Santosek dimisioa aurkeztu du.

Jon Torner Zabala @jtorner 2025eko maiatzaren 19a
Portugalgo lehen ministro Luis Montenegro buru duen koalizioak irabazi ditu hauteskundeak. AgĂȘncia Lusa / Wikimedia

Pedro Nuno Santosek iragarri du ez duela Alderdi Sozialistako buru izaten jarraituko, eta ez du alderdiak egingo duen datorren kongresuan parte hartuko, nahiz eta orduan zehaztuko duten aurrera begirako estrategia. Litekeena da, hainbat hedabideren arabera, Montenegroren aurkako jarrera nabarmen arintzea. Alderdi Sozialistak 50 urte daramatza bi alderdi bozkatuenetako bat izaten, baina egoera iraultzear da, aintzat hartuta diasporako bozkei esker ultraeskuinak diputatu bat gehiago eskura dezakeela sozialistek baino.

Hauteskunde hauetan bozen %23,4 eskuratu du Alderdi Sozialistak, eta %22,6 Chegak; 58 eserleku lortu ditu bakoitzak.

Donald Trump AEBetako presidenteari babesa eskaini eta alderdiko hainbat diputatu eta kargudun zipriztindu dituzten eskandaluak azaleratu izanagatik ere, gora egin du eskuin muturrak Portugalen, gizarteak bizi duen ezinegona are gehiago kapitalizatuta: 2024an bozen %18 lortu zuen; 4,5 puntu egin du gora, beraz, immigrazioa edota ijitoak jo-puntuan jarrita, besteak beste.

Globalizazioarekin eta migrazio-fluxuekin kritikoak

Mafalda Carvalho EHUko Zuzenbide Fakultateko ikaslea da, Zientzia Politikoetan lizentziatua eta Filosofian doktoregaia (Portoko Unibertsitatea). Portugalgo hauteskundeen inguruan idatzi dituen analisi bi plazaratu ditugu ARGIAn. Halaxe zioen bigarren idatzian:

"2022ko hauteskunde legegileei esker, Ventura buru zuen alderdia diputatu 1 izatetik 12 izatera igaro zen, eta zentro-eskuineko mapa politikoa eraldatu zuten, 1974tik lehen aldiz desagertu baitzen CDS-PP Parlamentutik. Chega hirugarren indar politikoa da orain, Alderdi Sozialistak eta Alderdi Sozialdemokratak sinbolizatutako bipartidismo klasikoaren ondoren. (...) Venturaren jarraitzaileak kritikoak dira globalizazioarekin eta migrazio-fluxuekin, eta kexu dira bi fenomeno horietaz: krisi ekonomikoaz eta Portugalen geldialdia".

Lehenbiziko analisian ere Chega zuen bereziki hizpide, alderdiak izango zuen gorakadaren jakitun: "André Ventura Chegako liderrak diseinatutako estrategiak hainbat elkargune ditu beste politikari erradikal eta populista garaikide batzuekin, hala nola Javier Mileirekin, Viktor Orbanekin, Donald Trumpekin eta Jair Bolsonarorekin. Venturak immigrazioaren aurkako ideiak eta islamaren aurkako jarrera sutsua sustatu ditu, eta uko egin dio LGTBIQ+ gutxiengoen eta ijito-komunitateen eskubideak onartzeari eta errespetatzeari".