argia.eus
INPRIMATU
Kataluniaren independentziaren alde eta kontrako erreakzioak Europan
  • Kataluniaren balizko independentziak hainbat erreakzio eragin ditu nazioartean. Letonia eta Lituaniako lehen ministroek ez ezik, Europako erakundeetako ordezkariek ere gaiaren inguruko adierazpenak egin dituzte berriki.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko irailaren 17a

Europako Batzordeko bozeramaile Pia Ahrenkildek azaldu duenez, “Europar Batasuneko (EB) estatu batetik banatzen den eskualdea EBtik kanpo geratzen da zuzenean”. Hala ere, dioenez “edozein estatuk EBeko kide izateko eskaera egin dezake”. Ahrenkilderen adierazpenekin bat egin du Joaquín Almunia Europako Batzordeko presidenteordeak, eta Katalunian gertatzen ari denak EBko kideak kezkatzen dituela gaineratu du.

Kataluniaren independentziaren aldeko alderdiek ez dute iritzi bera, EBaren aferari dagokionez. Joan Tardà i Coma ERCko kideak, azken albisteak kontsultaren dataren iragarpena atzeratzeko eraso mediatikoa direla deritzo.

 

 

 

Bestalde, Artur Mas presidenteak Europan "ondo sentitzen direla", eta bertan jarraitu nahi dutela adierazi du prentsa ohar baten bidez.

 

 

 

David Fernandez CUPeko ordezkariak aldiz begi onez ikusten du Katalunia EBetik kanpo geratzeko aukera. Info7 irratian adierazi duenez, erabakitzeko gaitasuna mantendu nahi bada, ezin da EBeko kide izan, ez baita erakunde demokratikoa.

Lituania atzera bota da, Letonia ez

Lituania eta Letoniako lehen ministroek Kataluniako mugimendu independentistari babesa helarazi zioten Diadaren ostean. Hori dela eta, Jose Manuel Garcia Margallo Espainiako Atzerri ministroa bi herrialdeetako enbaxadoreekin bildu zen astelehenean, azalpen eske.

Margallorekin izandako bileraren ostean, Lituaniak Madrilen duen enbaxadak agiri bat argitaratu zuen ustezko babes adierazpenak kazetarien manipulazioari egotziz. “Espainia estatu demokratikoa da eta edozein barne gatazka bertako legeen eta konstituzioaren arabera konpondu beharra dago”.

Letoniako enbaxadak ere agiria argitaratu zuen, eta kazetariak jo zituen “gaizki-ulertuaren” erruduntzat. Haatik, Valdis Dombrovski lehen ministroak Kataluniako mugimenduaren alde egindako adierazpenak berretsi ditu haren bozeramaileak. “Lehen ministroak esan zuena esan zuen, eta ez da damu”. Letoniari EBko presidentetza dagokio 2015. urtean.