argia.eus
INPRIMATU
Bigarren manifestu bat Espainiatik, independentismoaren aurrean federalismoa bultzatuz
  • Independentismoaren aurkako 'Libres e iguales' manifestuaren ondotik, Espainiako beste intelektual batzuek bigarren manifestu bat sinatu dute, oraingoan federalismoaren alde. “Zentzu federalean” konstituzioa aldatzearen alde agertu dira. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Baltasar Garzon, Nicolas Sartorius, Jose Antonio Zarzalejos, Almudena Grandes, Joaquin Estefania eta Ignacio Escolar.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko uztailaren 17a
Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluan aurkeztu dute manifestua asteazkenean.

“Una España federal en una Europa federal” deklarazioa asteazkenean aurkeztu dute Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluan. Manifestuaren premisa nagusiak “egungo lurralde-egituraren eskasia” eta “autonomia estatuaren funtzionamendu ez-eraginkorra” dira. Alderdi politikoek babesten dituzten puntuak direla azaldu dute.

“Katalunian eta Euskadin kasu”, mugimendu independentista indartuz doala esan dute, Espainiako Estatuaren batasuna “arrisku larrian” jarriz. Horregatik, federalismoaren alde Konstituzioa aldatzea proposatu dute,“identitate anitzak aitortuak izan daitezen”.

Bi egunetan bi manifestu independentismoaren aurka

Bi egunetan Madriletik iritsi diren bi manifestuek deuseztatzen dute Kataluniako independentismoa eta azarorako espero den galdeketa. 'Libres e iguales' platafomako sinatzaileek, gaiaren inguruan Kataluniarekin negoziatzea erabat ukatzen dute; baztertzen du, bigarren manifestuko ordezkariek, ordea, Konstituzioa aldatuz antolamendu federal berri baten alde egiten dute.