argia.eus
INPRIMATU
Kataluniak erreferendumarekin aurrera jarraituko du Konstituzionalak aurka egin arren
  • Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi du Kataluniako Parlamentuak aldebakarreko erabakiz egin nahi duen erreferendumaren inguruan hartutako erabakia. Halere, Abenduaren 23an erreferenduma prestatzeko goi bilera egingo dute autodeterminazioaren aldeko alderdi eta erakundeek.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko abenduaren 15
Carme Forcadell hitzaldi batean. (Arg.: assemblea.cat)

Espainiako Gobernuaren helegitea tramitatu bezain laster indargabetu du auzitegiak katalanek urriaren 6an onarturiko ebazpena, legala den edo ez aztertu aurretik. Konstituzio Auzitegiaren epaia bost hilabete luza liteke eta prozesuaren inguruko edozein lege edo proposamen berri onartzea debekatzen du.

Kataluniako Parlamentuko presidente Carme Forcadell eta Gobernuko presidente Carles Puigdemonti abisua eman die Konstituzionalak prozesuan aurrera jarraitzeak izan ditzaketen ondorioen inguruan, ondorio penalak barne. Azaroaren 3tik aurrera, epaitegi horrek politikariak inhabilitatzeko indarra du.

Parlamentuan harturiko erabakiak Gobernuari agintzen dio beranduenez erreferenduma irailean egitea, “galdera garbi bat eta bi erantzun posiblerekin”. Aldeko alderdi politiko guztiek prozesuarekin aurrera jarraituko dutela azaldu dute.

Bestalde, abenduaren 23an autodeterminazioaren aldeko alderdiak bilduko dira erreferenduma prestatzeko. Horretarako, urriaren 6an bertan onarturiko beste ebazpen batean oinarritzen dira, Konstituzionalak oraingoz indarrik gabe utzi ez duena. Helburua, era ahalik eta zabalenean, erabakitze eskubidearen aldeko  alderdi eta erakundeak biltzea da.

Forcadell epaitegira

Abuztuaren 2an bertan behera utzitako beste ebazpen baten ondoren ere Konstituzio Auzitegiak izan zitzaketen ondorioen berri eman zien politikariei eta fiskaltzaren esku utzi zuen erabakia. Fiskaltzak Forcadellen aurkako helegitea jarri zuen ebazpen hura bozketara eramateagatik eta azaroaren 16an deklaratu beharko du Kataluniako Auzitegi Nagusian, desobedientzia eta prebarikazio delituengatik. Ebazpen hartan prozesu eratzailea ikertzeko batzordeak ateratako ondorioak bozkatu ziren.

Diputatuen Kongresuan PDECko –lehengo CDC– bozeramaile den Francesc Homsen aurkako epaiketa izan daiteke hurrengoa, parlamentariei immunitatea kentzeko erabakia hartu baitu Kongresuak. Homs ere prebarikazio eta desobedientzia delituez epaitua izan daiteke, Kataluniako Gobernuko bozeramaile eta kontseilari zela azaroaren 9ko galdeketa egiten uzteagatik.

Erreakzioak

Homsek Konstituzio Auzitegiaren erabakien aurka egin du erabakia irten bezain laster: "Tankeekin joango dira hautetsontziak kentzera? Matoiak? Poliziak? Hautetsontziak jarri egingo dira. Irteerarik gabeko kale itsuetan tematzen dira, honek ez baitu ibilbiderik”.

Junts Pel Sí-ko presidente Jordi Turullek ere azaldu du ez direla distraituko eta argi dagoela “erreferenduma egiteko konpromisoa” beteko dutela.

Euskal Herrian, Carme Forcadell eta Espainiako erregearen argazkiak erretzeagatik atxilotuak izan diren gazteen aldeko elkarretaratzea egingo da gaur arratsaldean Bilbon.