argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Kanbodia eta Thailandia, gerra-plantak egiten?
Mikel Aramendi 2025eko uztailaren 29a
Kanbodiako lehen ministroa, Hun Manet; Malasiako lehen ministroa, Anwar Ibrahim; eta Thailandiako lehen ministro Phumtham Wechayachai, elkarri eskua ematen. Reuters

Arma astunekin elkarri erasoka lau egun eman ondoren, baldintzarik gabeko su-etena adostu dute Kanbodiak eta Thailandiak, Malaysiaren bitartekaritzarekin, Kuala Lumpurren egin duten aurrez aurrekoan. Ezingo dute akabera hori ikusi bonbardaketetan, alde batean zein bestean, hildako dozena pasa zibilek eta ia beste horrenbeste soldaduk. Eta ikusi egin beharko da noiz itzultzen ahal diren beren bizilekuetara erauntsien lokatzetan babes bila joan behar izan duten milioi laurden iheslariak.

Lau egunez gerra-itxurako zerbait irudikatu zaigu, ulertzen errazak ez diren zioengatik, eta adigaitz samarrak diren arrazoibideekin, ia bezperara arte turismo-leku izan den ingurune batean. Gerra ororen inkongruentziaz harago, aparteko berezitasunak eduki ditu gatazka horrek. Adibide bakarra aipatzearren: alderdiek ez dituzte harreman diplomatikoak –lehendik kili-kolo zeudenak, bai– eten; eta mundu guztiari “normala” iruditu bide zaio hirugarren batek deituta alde bietako arduradun politiko gorenak amen batean elkartu eta su-etena adostea. Non halakorik? Edo zertan suturik ez zuen liskar baten aurrean gaudela ebatzi behar ote dugu?

Aurrekariak eta testuingurua baditu, jakina, gatazkak, duela ehun urte baino gehiago frantziar kolonialismoak ezarritako mugen kontura, lehendik ere gorabeheratsua zen ingurune batean. Eta geroztik mugalde horretan bertan Kanbodiako gerra zibilek izan duten egitate endemikoak ez du hobetu kontua. Azken hilabeteetan tentsioa areagotu egin da, gainera, bi herrialdeen artean; baina muga-arazo horretaz gaindiko kalapitengatik.

Agian, gatazka sutzeko erabakigarriena izango zen ekainaren 15ean Paetongtarn Shinawatra, Thailandiako lehen ministroak, Hun Sen, ia betiereko Kanbodiako lehen ministro izanarekin eta egungoaren aita den factotumarekin telefonoz egindako solasak eta, batez ere, Hunek hura argitara eman izanak sortutako iskanbila. Hunen azkarkeriak lortu zuen, lehen urratsean, Thailandian krisi politiko larria gartzea eta, ondorioz, Shinawatra behin-behinean kargugabetuta geratzea; baina, ondoren, haren alderdiaren esku jarraitzen duen aginte thailandiarrak, ezinbestez kasik, lehen tentsio-txinparta hauspotu egin du bien arteko mugaldean, benetako oposizioa duen thailandiar Armadari aurrea hartu eta banderaren itzalpean jartzeko.

Hun Senen sakoneko asmoa bazen Hun Manet bere semearen oinordekotza sendotzea, geroak esan beharko du halakorik lortu duen ala kontrakoa erein ote duen.

Antzezpen neurtutik gehiegi izan duen horren kaltetu politikoetan lehena ASEAN elkargoa izan da, haren kideak direlako bi aurkariak. Hala ere, Anwar Ibrahim malaysiarraren esku-hartze bizkorrak mugatu ditu kalteak. Eta esan gabe doa kopeta zimurtuta behatu dela krisia Beijindik.