argia.eus
INPRIMATU
Kaleak erantzun egin du
  • Goizeko 06:30ak, ordu erdiren buruan Bilboko sarrera guztiak ixtea da plana. Bekarrak guztiz kendu gabe abiatu naiz kalera, greba egunak zer opako. Motibazioz sobera egin dut eskaileretan behera, eta ataria irekitzearekin batera, haizearen lehen ufadak indartu egin dit nekarren aldartea. “Hego haizea, eguraldia ere aldeko omen”, pentsatuaz egin dut San Mameserantza, giroak iradokitako kantua buruan. Eta beharbada egunen batean Euskadi izango da libre ta tropikala, militarrik gabe, buruaren jabe edo, zergatik ez buru gabe hobe. Ez da greba eguna hasteko modurik txarrena.

Amaia Lekunberri Ansola 2020ko urtarrilaren 30

Iluntasunean barrena, hiria oraindik lo dela, zeharkatu dut auzoa. Bat edo beste autobus geltokian zain, beste hura metrorantza korrika –denak lanera bidean, ziurrenik–, eguneroko lez apurka-apurka jendea bere errutinari ekiten ari dela dirudi. Gaurko egunak normaltasunarekin hautsiko duenaren zantzurik ez inon, halako batean, urrutira, zubi ondoan auzoko grebalari taldea begiztatu dudan arte. Hortxe zartatu da egunak soinean zeraman ohikotasun jantzia, eta pausoa bizkortuta egin dut San Mameserako bidea.

Heldutakoan hamarnaka lagunek osatutako taldearekin egin dut topo, Ertzaintzaren hainbat furgoi inguruan zirela. Zazpiak arteko tartea petardo hotsen artean igarota, esna harrapatu gaitu bide mozketari ekiteko uneak. Alabaina, grebalariak pankarta zabaldu eta errepidea moztera abiatu direnean, ertzainak hurbildu zaizkie errepidera ateratzeko baimenik ez dutela komunikatzera; Eusko Jaurlaritzak debekatu egiten omen zuen halakorik. Oraindik espaloian, eztabaida hasi da grebalarien eta polizien artean, eta ez bat ez bi, aurreikusitako planari jarraituz, hainbat pertsona errepidera atera eta eseri egin dira, bidea moztuz. Orduantxe irten dira inguruan ziren furgoi polizial ugarietatik istiluen aurkako hainbat ertzain, modu oldarkorrez errepidean zegoen oro espaloira igotzera derrigortuz. Grebalariekin aurrez aurre, espaloien parean ilarak osatuz, errepidea ireki dute trafikoarentzat; eta errepidea libre mantentzeko xedez eratutako ilara horri eutsi diote luzaz ertzainek, langileak beren postuetan ordurako ez egotea, makina une batez gelditzea, tragedia bailitzan.

Ia bi ordu eman ditugu egoera horretan, baina egoerak frustrazioari bakarrik ez, jokoari ere eman dio bide: grebalariak, espaloitik joatera derrigortuta, zebra-bideetan aurkitu dute entretrenimendua. Grebalari talde bana zebra-bidearen alde banatan jarrita, semaforoa berdez jartzen zeneko momentuak baliatu dituzte ertzainei arpa jotzeko; talde bakoitza bestaldera igarotzen hasten zen semaforoak baimena ematen zuenero, eta manifestariak zebra-bidea zapaltzen zuten bakoitzean errepidea blokatzeko aukera berri bat sortzen zen. Semaforoz semaforo, blokea saiakera bat bestearen atzetik, 09:00ak jo ditu ordulariak. Bihotz Sakraturantza hurbildu eta hiri erdiguneko piketeei hasiera emateko ordua.

Manifestazioa hasterako, plazako sarrera guztiak zeuden kolore orotariko banderaz gainezka: bertan ziren ikasleak, langileak, langabeak, feministak, sindikatuak, pentsionistak… grebak lortutako babes sozialaren isla (...) Kaleak erantzun du, eta esan daiteke motiboak sobera direla gaurkoa zerbaiten hasiera izan daitekeela pentsatzeko.

Bigarren bloke batekin bat egin eta indarrak gehituta ekin du piketeak. Joko aretoak, migratzaileen bulegoa, ogasuna, bitxitegiak, arropa dendak, banketxek, orotariko multinazionalak… grebalariek guztietan egin dute geldialdia, eta bateko eta besteko pertsianak jaitsiarazi dituzte. Ibilaldiak aurrera egin ahala, areagotuz joan da poliziaren eta manifestarien arteko konfrontazioa, eta giroa Carlton Hotelean tenkatu da guztiz: piketean hurbildu den grebalari bati oldartu zaio hoteleko zaindaria, zeinak eskua jaka azpitik eta besapean sartu duen, arma bat ateratzera doanaren keinua eginez; aurrez aurrekoa hasi da orduan grebalarien eta zaindariaren artean, eta ertzainak sartu dira tarteko, grebalaria kolpatuz. Metro gutxira gertatu da hurrengo giro-tenkatzea, ateak itxi nahi ez zituen bitxi-dendaren inguruetan ertzainek grebalari bat identifikatu dute pegatinak jartzeagatik. Giroa gaiztotuta egin du Diego Lopez de Haro hiribide amaiera arteko ibilbidea piketeak, eta behin plaza borobilean egitekoa amaitutzat eman, tarte motzean goizeko manifestaziora bidean jarri asmoz. Piketea sakabanatu denean, bidean atzera egin duenak ikusi ahal izan du nola ireki dituzten berriz beren ateak ia denda guztiek. Behin piketea begiz galduta langile prekario bat erakusleihoa garbitzen ere ikusi dute ene begiek.

11:45ean batu gara berriz, bakoitzak zegokion edo aukeratua zuen blokean eginez plaza Eliptikorako bidea. Manifestazioa hasterako, plazako sarrera guztiak zeuden kolore orotariko banderaz gainezka: bertan ziren ikasleak, langileak, langabeak, feministak, sindikatuak, pentsionistak… grebak lortutako babes sozialaren isla. Grebaren bultzatzaile izan diren pentsionistak izan dira indar erakustaldi betean eta gainontzekoon txalo artean manifestaldia abiarazi dutenak, eta atzetik jarraitu diegu besteok. Manifestazio burua Bilboko Udaletxe parera heldu denerako, oraindik abiapuntuan zetzan jende askok. Manifestaldi amaierako ekitaldian 2020ko urtarrilaren 30a “egun historikotzat” jo badute pentsionistek, egiari zor izan da. Urko Apaolaza lankideak ARGIAren 2.674 zenbakirako grebaz idatzitako erreportajean erantzuna kaleak zuela zioen; bada kaleak erantzun du, eta esan daiteke motiboak sobera direla gaurkoa zerbaiten hasiera izan daitekeela pentsatzeko.