argia.eus
INPRIMATU
Julen Kaltzada hil da, euskaltzalea eta antifrankista
  • Julen Kaltzada Ugalde euskaltzale ezaguna hil da gaur goizean. Busturian 1935ean jaioa, apaiz sartu eta mugimendu antifrankistan hasieratik konprometitua, Franco hil ostean euskal kulturgintzako zein politikako hainbat alorretan nabarmendu zen. 1970ko hamarkada bukaeran Zeruko Argiako asteroko kolaboratzaile, parte hartu zuen AEKren sorrera eta hasierako urte luzeeetan, eta baita Egin egunkariaren eta beranduago Euskaldunon Egunkariaren sorreretan ere.

ARGIA @argia 2017ko azaroaren 13a
Julen Kaltzada 1990. urteko argazki batean. (Aitor Bayo)

ARGIAn Julen Kaltzadak publikatutako artikulu ugarien eta berari egindako elkarrizketen artean, Xabier Letonak 1990an egindakoa geratu da lekukotasun bezala, Kaltzadak aktualitateko gaiez emandako iritziez gain bere biografia pertsonaleko hainbat xehetasun eskaini bait zituen, haurtzaroaz, familia abertzaleaz, apaiz egin ondorengo borrokak (1968ko Derioko itxialdia, Gogor taldea, Burgosko epaiketa, Zamorako espetxea...), euskalgintzak bezala euskal politikak 90eko hamarkada hasieran bizi zituzten bidegurutzeak...

Julen Kaltzadak, erretreta hartu ostean bere familiaren Busturiako baserrira erretiratua, 2014an frankismoaren aurkako auzian deklaratu zuen Maria Servini epailearen aurrean.Joan den astean Umezurtzaren aberria liburua aurkeztu zuen Txalaparta argitaletxearen eskutik, bere 82 urteetan bizitakoak eta ikusitakoak jasoz.

ARGIAren argazki artxiboko zenbait irudi:

Argazkia: Alberto Elosegi
Argazkia: Alberto Elosegi.
Julen Kalzada 1982an, Korrikan.