argia.eus
INPRIMATU
Juan Carlos Subijana espetxera itzularazi dute, hirugarren gradua baliogabetu ondoren
  • Espainiako Auzitegi Nazionalak Subijana preso gasteiztarra bigarren gradura itzularazi du, beste hainbat euskal presorekin egin bezala. Etxerat elkarteak "ezinegona" adierazi du eta euskal preso politikoei "legedi arrunta aplikatzeko" eskatu du. Espetxeratzea salatzeko manifestazioa deitu du Sarek.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 02a
Urtarrilak 27an egindako mobilizazioa. Argazkia: SARE.

Juan Carlos Subijana Izquierdo Txanpi preso gasteiztarrak Basauriko kartzelara itzuli behar izan du, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hirugarren gradua baliogabetu eta bigarren gradura itzularazi ondoren. 

Subijanak hemeretzi urte daramatza preso. 2021eko otsailean Euskal Herrira hurbildu zuten, Mansillatik (370 kilometrora), eta hirugarren graduan zegoen iazko abuztutik. 

Etxerat elkarteak "ezinegona" adierazi du, Subijanaren "eskubideak urratu" direlako: "Bada garaia, behingoz, euskal preso politikoei legedi arrunta aplikatzeko eta etorkizuneko elkarbizitza eraikitzen joateko".

Azken aldian Espainiako Auzitegi Nazionalak hirugarren gradua baliogabetu dio hainbat euskal presori, fiskaltza helegiteak jartzen ari delako. Duela gutxi Ainhoa Barbarin eta Asier Karrera presoen hirugarren gradua atzera bota zuen, espetxera itzularaziz. 

Sarek mobilizatzeko deia egin du ostegunean. 19:00etan manifestazioa egingo dute Gasteizko Bilbo plazatik abiatuta.

Izaskun Lesaka presoa aske

Bestalde, Izaskun Lesaka euskal presoa aske geratu dela jakinarazi du Etxerat elkarteak. Reau sud Francilien (Frantzia) espetxean 10 urte bete ondoren, 2022ko ekainean Espainiaratu egin zuten, Frantzian bizitzeko debekua ezarriz. Ordutik, Lesaka baldintzapeko askatasunean egon da gaur arte.