Joxe Azurmendi (Zegama, Gipuzkoa, 1941-2025) idazle, filosofo eta saiakeragilea zendu da. Literatura eta pentsamenduaren arloan lan itzela egindakoa, intelektual gisa ez ezik, euskararen eta kulturgintzaren aldeko mugimenduetan engaiaturik eman zuen bizitza osoa. Besteak beste, Udako Euskal Unibertsitateko sortzaileetako bat izan zen, eta Jakin taldeko kide aktibo izan zen urte luzez.
Euskal pentsalari erreferentziala, eta azken hamarkadetako saiakeragile oparoenetakoa, Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, 1941-2025) zendu da, 84 urte zituela. Idazlea, filosofoa, poeta eta kulturgilea, 40 liburutik gora eta ehunka artikulu idatzi zituen, asko pentsamenduaren dibulgazioari loturikoak. Baina horrez gain, euskalgintzaren arloan makina bat ekimenetan parte hartu zuen Frankismo garaitik hona.
Euskara zapaldurik eta langile klasea otzan ezagutu zuen gerraosteko belaunaldiaren parte izan zen Azurmendi, eta seguruenik horrek bultzatu zuen hizkuntzaren pentsamendua ikertzera ikuspuntu ezkertiar eta marxista batetik
Zegamako familia umil eta langile batean sortua, haurra zela, hamar urterekin Arantzazuko frantziskotarren ikastetxera joan zen –gero ordena horretan sartu zen– eta Erriberrin amaitu zituen Filosofia ikasketak. Euskara zapaldurik eta langile klasea otzan ezagutu zuen gerraosteko belaunaldiaren parte izan zen Azurmendi, eta seguruenik horrek bultzatu zuen hizkuntzaren pentsamendua ikertzera ikuspuntu ezkertiar eta marxista batetik.
Baina pentsalari gisa ez ezik, aktibismoan engaiaturik ere ibili zen. Hala sartu zen Jakin taldean 1959an, eta hari esturik lotuta egon da geroztik: "Zuen belaunaldiari ikasi genion sintesi inposibleak bilatzen, eta horretan ari gara gaur ere. Pentsamendu itzela utzi diguzu horretarako. Hura lantzen jarraituko dugu, beti eskatu izan diguzun bezala", idatzi dute euren agur oharrean. Jakinek Azurmendiren obra osoa du plazaraturik bere webgunean.
1960ko hamarkadatik aurrera denbora askoan Europan –batez ere Alemanian– igarotakoa, zegamarrak gertutik aztertu zituen garaiko pentsalari eta idazleen lanak, Albert Camus, Simone Weilenak esaterako, eta Frankfurteko eskolan zeuden aire berriak ere ezagutu zituen, marxismoari loturikoak. Gainera, harremana izan zuen Txillardegirekin, Federiko Krutwigrekin, Manex Erdozaintzi-Etxartekin eta Bitoriano Gandiagarekin, beste euskal pentsalari askoren artean.
Euskal Herriak, euskararen egoerak, abertzaletasunak, indarkeriak eta modernitateak kezkatzen zuen, eta hala adierazi izan zuen han eta hemengo prentsan
Euskal Herriak, euskararen egoerak, abertzaletasunak, indarkeriak eta modernitateak kezkatzen zuen, eta hala adierazi izan zuen euskal prentsan argitaraturiko artikuluetan –tartean Zeruko Argia-n, soka luzea ekarri zuen "Baiña zergatik eta zertarako euskaldun?" artikulua–, baita bere liburuetan ere. "Beti kritikatu den sozialismo erreala negargarria izan da, baina demokrazia erreala ere negargarria izan da", azaldu zion aldizkari honi 1991n Gizaberearen bakeak eta gerrak liburuaren kari egindako elkarrizketan.
1993an ARGIAren Larrun gehigarrirako elkarrizketa zabala eta sakona izan zuen Patxi Larrionekin, eta honela kontatu zion: "Bere buruarekin konflikto bat daukanarentzat idazten dut, bere buruarekin identifikatzeko problema batzuk dauzkanarentzat, bai euskaldun bezala, bai pertsona bezala, horrentzat nahi nuke askatasun piska bat irabazi". Elkarrizketa osoa hemen irakur dezakezue PDF formatuan.
Azurmendi Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetako bat izan zen eta lehen ikastaroetan parte hartu zuen 1973an, Donibane Lohitzunen. EHUko filosofia irakasle izan zen 1980ko hamarkadaz geroztik, 2011n erretiroa hartu arte. Gainera, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2010ean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jaso zuen 2018an, Jakin taldearekin batera.
Bere lan ezaguenenetakoen artean dago Espainolak eta Euskaldunak (Elkar, 1992) izenekoa. Mitologia, topiko eta ideologien historiaren bidez kritiko azaltzen da, hizkuntzarekiko eta kulturarekiko euskal kontzientziaren inguruan. Baina horrez gain, Azurmendik literaturari ere sarritan heldu dio, bereziki poesiari. Hain justu bere lehen liburua poema bilduma bat izan zen, Hitz berdeak izenekoa, 1971n argitaratua.
Arrasto eta ondare itzela utzi du, hortaz, Azurmendik euskal kulturgintzan eta pentsamenduan. Jakinek oharrean azaldu duenez, ez da bere aldeko hilbeila eta hileta ekitaldirik egingo.