argia.eus
INPRIMATU
Heriotzara zigortu du auzitegi militar batek Joseph Kabila Kongoko Errepublika Demokratikoko presidente ohia
  • 2001etik 2019ra Kongoko Errepublika Demokratikoan agindu zuen Joseph Kabilak, eta orain "traizioa" eta "gerra krimenak" egotzi dizkiote M23 gerrilla errebeldearen adar politikoa antolatzeagatik, eta atxilotzeko agindu dute. Laurent-Desiré Kabila presidente izandakoaren semea da, eta oraindik eragin politiko handia du herrialdean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko urriaren 01
Joseph Kabilak sare sozialetan zabaldutako dikurtso baten bidez iragarri zuen Kongoko Errepublika Demokratikora itzuliko zela, M23 gerrillaren esku dagoen Goma hirian berragertu zen, ordea. Orain, herrialdeko justiziak heriotza zigorra ezarri dio "traizioa" egotzita. Umuseke TVtik hartua

Joseph Kabila urtez luzez Kongoko Errepublika Demokratikoko (KED) presidente izandakoa heriotza zigorrera kondenatu du hango Auzitegi Militar Gorenak eta berehala atxilotzeko agindu du.

Kabila 2001. urtean jarri zen agintean, Kongoko Bigarren Gerran hildako bere aita Laurent-Desiré Kabilaren kargua hartuta, eta 2019ra arte izan zen herrialdeko presidente, 2005ean bere neurrira egindako Konstituzioa onartu eta irregulartasunengatik zalantzan jarritako bi hauteskunde irabazi ostean. Bere agintaldian, herrialdeko natur baliabide ugarien ustiapen eskubideak nahieran saldu zizkien atzerriko enpresei bere probetxurako, kobaltoarekin gertatu bezala.

2019an Kabilak ezin izan zuen legez hauteskundeetara berriz aurkeztu, eta Étienne Tshisekedik hartu zion erreleboa, egun presidente izaten jarraitzen duenak. Hasiera batean Tshisekedik Kabilaren lorratzari jarraituko ziola uste izan bazen ere, laster aldendu ziren biak. 

Herrialdeko gatazka "konpontzera" itzulia

2022an, mugaldeko Kivu eskualdean, Ruanda eta Ugandako tutsien babesa duen M23 gerrillak erasoa jo zuen. Testuinguru horretan Kabilak 2023an ihes egin zuen KEDetik Hegoafrikara, senatari bezala immunitatea izan arren, atxilotzeko arriskuan zela ikusita. KEDeko justiziak M23 mugimenduaren adar politikoa antolatzea leporatu zion presidente ohiari eta urte hasieran bere kontrako prozesu judiziala hasi zuen, fiskalaren eskariz Senatuak immunitatea kendu ondoren. 

Maiatzean, Kabilak sare sozialetan zabaldutako bideo batean ukatu egin zituen bere kontrako salaketak eta iragarri zuen KEDera itzuliko zela herrialdeko gatazka "konpontzera". Baina ekialdeko Goma hirian berragertu zen, M23 gerrillak urtarriletik kontrolpean duen hirian. Orain, auzitegi militarrak heriotza zigorra ezarri dio, baina lehenik atxilotu egin beharko lukete.

Ruandako genozidiotik datorren eta 30 urte baino gehiago iraun duen Kongoko gatazkak milioika hildako eragin ditu jadanik, gaur egun barne mailan gutxienez zazpi milioi pertsona daude desplazaturik eta sarraskiek jarraitzen dute. Kinshasako gobernuaren, Ruandakoaren eta M23 mugimenduaren arteko negoziazioek ez dute aurrera egin oraingoz, eta hirugarren gerra bat etxe atarian dute kongoarrek.