argia.eus
INPRIMATU
Mikel Saenz de Buruaga, Hala Bediko kazetaria, epaitegien aurrean
“Jokoan ez dago gure kasua, guztion eskubideak eta kazetarion lanerako eskubidea baizik”
  • Bi urte luzeren ostean, eta Hala Bedik ordaintzeari uko egin ostean, heldu da azkenik Mikel Saenz de Buruaga kazetariaren aurkako epaiketa. Jende andana bildu da astearte goizean Gasteizko epaitegietan, irrati libreak deituta, kazetariari eta bere jardunari babesa adierazteko. “Mozalik ez. Kazetaritza ez da delitua” zioen pankarta eraman dute elkarretaratzera.

Z. Oleaga @zoleaga1 2019ko apirilaren 02a
Hala Bediko kazetariarekin elkartasunez kontzentrazioa egin dute epaitegi aurrean. (Argazkia: Hala Bedi)

Adierazpenak egin ditu Saenz de Buruagak berak epaitegira sartu aurretik. Epaiketaren jatorria gogorarazi du lehenik, Errekaleor argindarrik gabe uzteko polizia operazioan gertatutakoak laburtuz: “2017ko maiatzaren 17an Ertzaintzak jipoitu eta identifikatu egin gintuen gure lana egiteagatik”.

Auzipetua bera izanagatik ere, epaiketan erasoan jokatuko dutela iragarri du kazetariak, ez defentsan: “Epaituko direnak Ertzaintzaren eta Eusko Jaurlaritzaren gezurrak dira. Jokoan dagoena ez da gure kasua, ezta isuna bera ere; guztion eskubideak eta kazetarion lanerako eskubidea baizik. Hori da gaur salatuko duguna eta hori da irabaztera etorri garena”. Eguerdiko hamabietan, bildutako jendeari eskerrak eman ostean eta bildutakoen txalo artean, epaitegian sartu da Saenz de Buruaga.

Saenz de Buruagaren defentsak defentsa-gabezia salatuz hasi du epaiketa: ez zaizkio baimendu aurkeztutako hainbat proba, tartean bideo ugari. Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren abokatuak kazetariaren aurka egin du: polizia lerroa hautsi zuela adierazi du, "manifestari gisa" jardun zuela "eta ez kazetari gisa" identifikazio unean. Azken batean, Hala Bediko kazetariak ertzainen aurka egin zuela. Proba gisa onartuak izan ez diren bideoek ezeztatzen duten bertsioa.

Auzipetuaren lekukoek, aldiz, Saenz de Buruaga kazetaritza lanetan jardun zuela frogatu dute. Ertzainek hainbat kontraesan azaleratu dituzte euren bertsioetan: batek, esaterako, onartu egin du posible dela polizia-lerroa nahi gabe eta jendeak bultzatuta gainditu izana; manifestarien buru izendatu du jarraian.

Mikel Saenz de Buruagarena izan da azken hitza: "Mozal Legearekin, denok gara errudun kontrakoa frogatu arte". Epaileak horrelakorik onartzen ez diola esanez erantzun du, esana zegoen, ordea.