argia.eus
INPRIMATU
Joan Mari Irigoien idazlea zendu da, 74 urterekin
  • 30 liburu inguru kaleratu ditu idazle gipuzkoarrak; nobelak asko, poesia ere bai, eta haur eta gazte literaturan ere aritu zen.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko maiatzaren 17a
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Bada denbora Juan Mari Irigoieni (Altza, 1948) alboko esklerosia atzeman ziotela, eta familiak jakitera eman duenez, gaur zendu da. Mugitzeko eta hitzak ahoskatzeko zailtasunak izan ditu, eta bere irudia aspaldian zegoen argitara eman gabe.

Ingeniaria zen ikasketaz, baina ez da sekula arlo profesionalean horretan aritu. Idaztera jo izan du.

Euskal literaturan, batik bat nobelagintzan arrastoa utzi duen idazlea da, esaterako, haren Babilonia obrak, 1989an Elkar argitaletxearekin kaleratutakoak. Aurretik kaleratu zuen Poliedroaren hostoak liburuak izena eman zion, eta Babilonia lanarekin jo zuen goia Irigoienek –Espainiako Kritika Saria eta Euskadi Saria jaso zituen–.

Lehendabiziko lana 1973an kaleratu zuen –omenaldia egin zioten liburuaren 40. urteurrenean, bere jaioterrian–, eta ordutik, ia 30 liburu kaleratu ditu; azken nobela 2019an –Derbia (Elkar)– eta azken poema 2022an –Sorgin argien ehiza (Elkar)–.