argia.eus
INPRIMATU
Lan heriotzak salatzeko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritza blokeatu du LABek
  • Aurreko astean lan istripuen ondorioz sei behargin hil zirela salatzeko, 60 bat lagunek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzako sarrera blokeatu dute. Ertzaintzak bertan zeuden pertsonak identifikatu ditu. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, dagoeneko 26 dira aurten Euskal Herrian lan istripuz hildako beharginak.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 05
LAB sindikatuek joan den asteko lan heriotzen harira eginiko protesta ekintza, Bilbon. LAB sindikatua

Joan den astean Euskal Herrian sei behargin hil ziren lan istripuen ondorioz,  hiru bi egun eskasetan. Horrela, LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, dagoeneko 26 dira aurten Euskal Herrian lan istripuz hildako beharginak. Heriotza horiek salatzeko sindikatu bereko 60 bat kidek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzako sarrera blokeatu dute ostegun goizean. Buzo gorriak jantzita, 26 pertsona sarrerako lurrean etzan dira, "Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, non zeundeten langile hauek hiltzen ari ziren bitartean?" adierazten zuen pankarta bat atzean zutela. 

Ertzaintza lekura bertaratu denean, protesta egiten ari zirenen eta polizien arteko tentsio uneak bizi dira. Protestan parte hartu duten lagunak identifikatu ditu Ertzaintzak, eta LABek salatu du Jaurlaritzaren erantzuna "betikoa" izan dela, "errepresioa".