CAFek urteroko akziodunen batzarra egin duen egun berean, Jerusalemgo trenaren martxan duen tren proiektua bertan behera uztea exijitu diote Donostian eginiko manifestazioan. Amnesty Internationalek hitza hartu du tren ekoizlearen akziodunen batzarrean, eta Israelen "legez kanpoko kokalekuak eta legez kanpoko okupazioak" indartzen dituela leporatu dio zuzendaritzari.
Antolatzaileen esanetan 3000 lagun bildu ziren larunbatean Donostian, BDZ Boikot Desinbertsio eta Zigorrak taldeak antolatuta, CAF enpresari exijitzeko Jerusalemen duen tren proiektua bertan behera uztea. Manifestazioaren ibilbidea hainbat salaketa egiteko baliatu zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, erakunde horri leporatu zioten iaz Andres Arizkorreta CAFeko presidenteari urrezko domina eman izana; Eusko Jaurlaritzaren aurrean, erakundeari egotzi zioten CAFeko akziodun izateagatik "garbiketa etnikoan erantzukizuna" duela.
BDZk bost urte daramatza CAFi Jerusalemeko tren sarea gelditzeko eskatzen, "tranbia horrek Jerusalem hiria eta Israelek Palestinako lurralde okupatuetan dituen kolonia ilegalak lotzen dituelako". Manifestazio iragartzearekin batera elkarteak otsailean argitaratu zuen CAF Jaitsi zaitez apartheidaren trenetik! manifestuan, "CAFek nazioarteko zuzenbidea bete dezala" eskatu zuten, Nazioarteko Justizia Gorteak 2024tik "Palestinaren okupazio israeldarra legez kanpokotzat" jotzen baitu.
CAFen bazkide israeldarra den Saphir enpresa Nazio Batuen datu-basean sartuta dago, palestinarren okupazioaz eta apartheidaz etekina ateratzen duten 110 enpresa baino gehiagoren artean. Gainera, maiatzaren amaieran Okupatutako Jerusalemgo Ekintza Nazional eta Zibileko batzordeak jakinarazi zuen Jerusalemgo proiektuaren bigarren fasea hasi dela, Israelek Zisjordanian 22 kokagune berri ezarriko dituela iragarri zuen une berean, erabakiaren arrazoirik nagusiena "Palestinako estatuaren sorkuntza eragoztea" dela azpimarratuta.
Kalean soilik ez, zuzenean ere bai
Jerusalemgo tren proiektuaren aurkako aldarriak ez dira kaleko mobilizaziora mugatu. Izan ere, CAFek urteroko akziodunen batzarra egin zuen larunbatean Beasainen (Gipuzkoa), eta bertan izan zen Sofia García Arana AI Amnesty Internationaleko EAEko ordezkaria. Besteak beste, García Aranak leporatu dio enpresako zuzendaritzari ea zergatik saihesten duen bere txostenetan Israelen "legez kanpo" lan egiten dutela aipatzea. Horrela, CAFek Israelek erabiltzen duen hizkuntzarekin bat egiten duela dio AIk.
Iaz argitaratutako jasangarritasun txostenean, CAFek adierazi zuen Jerusalemgo tren sarearen proiektuak "inpaktu positiboak" dituela, erraztu egingo bailuke oinarrizko lekuetara –eskolak eta osasun zentroak– heltzea eta pertsonen mugikortasuna. AIrentzat, ordea, CAFek ez ditu aintzat hartzen NBE Nazio Batuen Erakundearen eta EB Europako Batasunaren ebazpenak, bi erakunde horiek tren sarea eraikitzen ari diren kokalekuak legez kanpokoak direla ebatzi baitute.
Aste honetako ARGIAn
Inprentara bidean da aste honetako aldizkaria. Apartheidaren konplize direnei buruzko sei orriko erreportaje bat idatzi du Maria Ortega Zubiatek, fokua CAFen tranbian ipinita, eta Manex Moreno Uhartek bideo-erreportajean jaso du. Asteazkenean egingo dugu publiko 2.922 ale zenbakia.
Shu Oterok eginiko ilustrazioa, azala, aurreratzen dizuegu: