argia.eus
INPRIMATU
Maiatzean beste bost greba egun egingo dituzte EAEko hezkuntza publikoko irakasleek
  • Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.

ARGIA @argia 2025eko apirilaren 10
Irakasle publikoak Lakuan, Jaurlaritza aurrean elkarretaratuta.

Urtarriletik apirilera bederatzi greba egun egin ostean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako milaka irakasle publikok berriz ere grebara joko dute euren aldarrikapenak defendatzeko. Hala iragarri dute ostegun honetan sindikatu guztietako ordezkariek Bilbon prentsaurrean egindako agerraldi batetan. Pausurik eman ezean, maiatzaren 12, 13, 14, 15 era 16an irakaskuntza publikoak hirugarren greba zikloa biziko du, bost egunez.

Hezkuntza Saileko ordezkariek zein Imanol Pradales lehendakariak berak sarritan hitz egin dute hezkuntza publikoa indartzeko baliabideak txertatzearen beharraz. Hitzak bai, baina sindikatuak kexu ziren azken greba egunetik ez zutelako idatzizko inolako proposamenik jaso, eta mahai negoziatzailerako deialdi berririk ere ez delako egin.

Bada, idatzizko hitzarmen-proposamena asteazken arratsaldean iritsi zitzaien, iragarrita zuten prentsaurrekotik ordu gutxitara, hain zuzen. Sindikatuek esan dute ez dutela sinatuko "ultimatum gisa" planteaturik dagoelako eta oraindik ez dielako erantzun egokirik ematen euren aldarrikapenei.

Hortaz, aurreko mobilizazioetan bezala, kaleak betetzeko prest agertu dira. Apirilaren 3an, azkeneko greba egunean, milaka irakasle elkartu ziren Gasteizko Lakuan, Eusko Jaurlaritza aurrean, eta manifestariak egoitza barrura sartzen saiatu ziren. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak biharamunean deitu zituen sindikatuak bilera batera, apirilaren 4an, baina langileen ordezkariek salatu dute negoziaziorako "itxurakeria" besterik ez zela izan sailburuarena.

Irakasleek hezkuntza publikoaren lan baldintzak eta hezkuntza kalitatea hobetzea eskatzen dute. Diote ikasleak "erdigunean" jarriko dituen sisterma baten alde ari direla borrokan, horretarako baliabideak behar dituztela eta neurriak hartu behar direla.