argia.eus
INPRIMATU
Martxoaren 3ko Memoriaren Gunerako lorturiko 600.000 euroak erabili gabe gera litezke
  • Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza birmoldatzeko EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin hitzartutako diru-partida ez du erabiliko Eusko Jaurlaritzak, ez delako eraikinaren "jabe ezta onuradun ere". Hala, Martxoaren 3ko Memoriaren Gunearen proiektuak aurten ere geldirik jarraitzeko arriskua du.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko urtarrilaren 03a

Martxoak 3 elkarteak 2024 urtea "aurrerapenen urtea" izan behar duela azaldu du duela gutxi, batez ere Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan egitekoak diren Memoriaren Gunea martxan jartzeko. Baina ez dirudi erraza izango denik, EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin negoziatu eta  Espainiako Aurrekontu Orokorretan islatutako 600.000 euroak erabiltzeko ezintasuna adierazi baitu Eusko Jaurlaritzak.

Naiz-ek argitaratu duenez, EH Bilduko Julen Arzuaga parlamentariak egindako galdera bati erantzun dio Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika sailburu Nerea Melgosak. Bere esanetan, Jaurlaritzak "ezinezkoa" du partida hori erabiltzea ez delako eraikinaren "jabea edo onuraduna, eta ez du lagapenean edo erabilpenerako hartuta". Gainera, sailburuak gogorarazi du aurrera begira ere ez dela horrelakorik aurreikusten, eraikinaren erabilera Martxoak 3 fundazioari lagatzeko konpromisoa baitauka Elizak. 

Hortaz, 600.000 euro horiek erabili gabe gera litezke eta Memoriaren Gunearen proiektuak geldirik jarraitzeko arriskua du. Proiektuak bidean aurkitu dituen oztopoen artean beste bat da honakoa; horrez gain, lursailaren partzelazioarekin edo fundazioaren osaketarekin ere atzera-aurrera handiak izan baitira, tramiteak eta erabaki politikoak tarteko.

Martxoak 3 elkartea ez dago geldirik

Aitzitik, Martxoak 3 elkartearen lana ez da gelditu, 1976ko Gasteizko langileen sarraskiaren memoria berreskuratu eta babesteko. Azaldu dute Memoriaren Gunea edukiz betetzeko materialak dokumentatzeko talde teknikoa laster jarriko dela martxan.

Gainera, 2023an inoizko bisitari kopuru handiena izan dute Zaramaga auzoan barrena egindako ibilaldiek: ia 3.000 lagunek ezagutu dituzte lekua eta testigantzak bertatik bertara, urte osoan antolatu diren 67 bisita gidatuetan. Hain justu, aurten beteko dira 25 urte Martxoak 3 elkartea sortu zela.