argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak 161.000 euro bideratu ditu frackingaren aldeko txostenetara
  • 2013an Eusko Jaurlaritzaren menpeko den Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) frackingak izan ditzakeen ondorioei buruzko informazioa eskatu zion Orkestra Lehiakortasunaren Euskal Institutuari. Orain arte Orkestra Institutuak eginiko txostenek (bata haustura hidrauliko teknikaz, bestea hura sustatzeko pizgarri ekonomikoez) 161.000 euroko kostua dute.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko azaroaren 16a
2012an Gasteizen egin zen frackingaren aurkako manifestazioa.

Frackingaren aldekoa dela publikoki adierazi duen erakunde batek burutu du ikerketa: Orkestraren Energia Katedrak, Eloy Alvarez Pelegry buru duena. Pelegryk aipatu ikerketa egin baino lehen adierazi zuenez, frackingak, autohornikuntza indartzeaz landa, abagune “paregabea” eskaintzen die herrialdeko industria eta ingeniaritzari.

Orkestrak onduriko txosten nagusiak frackingaren erabileraren alde egin du. Bertan azaltzen denez, kontuan hartu beharko lirateke gas ez-konbentzionala bezalako “bertako baliabide” bat ustiatzearen alde positiboak, hala nola, lehiakortasuna eta enplegua hauspotzea eta inportazioen kopurua txikitzea.

Jarduera honek ingurumenean sor ditzakeen kalteei dagokienez, txostenak argitzen du "giza-jarduera orok arriskuak" dakartzala, eta teknika aproposak aplikatzeak eta arduraz jokatzeak frackinga bezalako teknikek ingurumenaren duten inpaktua gutxitzen lagun dezaketela. 

Orkestra Institutua Deustu Fundazioarena da, eta bere babesleen artean ditu, EEEz landa, Petronor, Repsol, Iberdrola eta The Boston Consulting Group. 

Azken fakturak ez ditu hainbat gastu kontuan hartzen

Gara-k argitaratu duenez, hasiera batean 50.000 euro bideratu ziren ikerketaren lanketarako. Urtebete geroago, nazioarteko adituak kontratatu zituzten txostena berrikusi eta euren ekarpenak egiteko, 38.000 euroren truke. Handik gutxira beste 27.000 euro erabili zituzten hasierako txosten “mardula” dokumentu “didaktiko” bilakatzeko. Orain arteko azken gastua 18.000 eurokoa da, gas ez-konbentzionalaren ustiaketan sustagarri ekonomiko eta fiskalak ezartzeari buruzko txosten bati dagokiona. 

Aipaturiko kopuru hauek BEZa ez dute barne hartzen, ez eta adituekin harremanetan jartzeko bidaien kostua eta dokumentu “didaktikoaren” maketazio eta argitalpen kostuak ere. Horrela, orain arteko gastuei BEZa gehituta faktura 161.000 eurotara igotzen da. Kopuru horri aipaturiko beste gastuak gehitu beharko litzaizkioke, baina horien zenbatekoa ez da ezagutzen.