argia.eus
INPRIMATU
Jarauta kalean okupatutako etxebizitzen hustearen aurka azaldu dira Iruñeko dozenaka eragile
  • Aurreko igandean eman zuen Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Jarauta kaleko etxebizitza bloke sozialistaren berri. Bost egunez sarbide-kontrol poliziala mantendu ostean, iragan ostegunean hustu zuen Iruñeko Udalak. Nafarroako eta Iruñerriko dozenaka eragile zein kolektiboren babesa jaso du manifestuak.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko azaroaren 20a
Poliziak ezarritako sarbide-kontrola kentzeko eginiko agerraldia, pasa den asteazkenean // Argazkia: Iruñerriko Kontseilu Sozialista

Etxebizitza Bloke Sozialistan gertatutakoaren harira, babes manifestu bat aurkeztu du ostiralean Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak. Azken eguneko gertakariak eta eskubide urraketak azaldu, erantzule politikoak seinalatu eta etxebizitzarako sarbide unibertsala aldarrikatu dituzte argitaratutako idatzian.

“Legez kontrako hustea” izan dela dio manifestuak, bertako bizilagunei “defentsa juridikorako aukerarik eman gabe”. Askotariko jendea zegoen barruan: aurretik etxegabetuak izan diren familiak adingabeekin, genero indarkeriaren biktima diren bi emakumeren familiak, emantzipatu ezinik dauden gazteak eta alokairua ordaintzeko adinako soldatarik ez duten pertsonak, besteak beste. Oinarrizko hainbat eskubide urratu dizkietela salatu dute: “Etxebizitzaren bortxaezintasuna eta pertsonen zirkulazio askerako eskubidea”.

“Iruñeko Udaltzaingoa, Pamplona Centro Histórico-Iruñea Biziberritzen eta Izaskun Zozaya Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzia” salatu dituzte sinatzaileek ekintza horien arduradun politiko gisara. “Setioa ezartzearen erantzule” egin dituzte, eta legeak ezarritako bideei jarraitu beharrean, bizilagunak beren etxebizitzak uztera behartu dituztela seinalatu.

Babes zabala

Nafarroako eta Iruñerriko hainbat kolektiboren babesa jaso du jada Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak: Iruñeko CNT, Nafarroako CGT, Nafarroako ESK, Nafarroako Salhaketa, Haritu Elkarlaguntza Sarea, Hipotekak Kaltetutakoen Berriozarko Plataforma, Zabaldi, Martes al Sol, Nafarroako SOS Arrazakeria eta Sanduzelai Sare Sozialarena, hala nola.

Jarautako hainbat tabernak eta lokalek ere eman dute euren atxikimendua: Katu, Viana, Zulo, Aitzina, Oreja, Gallego, Giroa, Askartza eta Matalazek, hain zuzen ere.