argia.eus
INPRIMATU
Izaskun Ugarte hil da, iheslari ohia eta GALen biktimen aurpegi ezaguna
  • Mikel Goikoetxea Txapela GALek Donibane Lohizunen hildako ETAko kidearen alarguna zen Ugarte eta hainbatetan hitz egin zuen bizitakoaz: "25 urte nituen eta bi alaba, urtebetekoa bata eta lau urte egin berriak bestea. Aurrera egin behar duzu", azaldu zion ARGIAri.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko urriaren 22a
Izaskun Ugarte Haize Goikoetxea alabarekin, 2009an elkarrizketatu genituenean egindako argazkian. Lander Arbelaitz / ARGIA - CC-BY-SA

Izaskun Ugarte iheslari ohia zendu da astearte honetan Bilbon, 66 urte zituela, eta 25 besterik ez zituen GALek bere bikotekide Mikel Goikoetxea Txapela hil zuenean.

Donibane Lohizunen bizi ziren errefuxiaturik 1983ko abenduaren 28an, ezezagun batzuek Txapela tirokatu zutenean, etxe atariko aparkalekuan, Ugarteren eta bere alaba txikienaren aurrean. Atentatua ez zuen inork aldarrikatu, baina GALek egindakoa izan zela ziurtzat jotzen da.

Izaskun Ugarte alaba txikiarekin, 1984an egin genion elkarrizketan. ARGIA artxiboa / CC-BY-SA

Txapelaren gorpua erraustea erabaki eta Bidasoan zabaldu zuten ekitaldi hunkigarri batean –hortik gutxira, 1984ko urtarrilean ARGIAk egindako elkarrizketa irakurgai duzue hemen–. Ugartek, bikotekidearen izaera militantea aldarrikatu zuen, ETAko kide izatetik harago, eta aurre egin zien gerra zikinaren aurrean pasibotasunez jokatzen zuten erakunde eta poliziei. Ordutik, GALen biktimen aurpegi ezagunenetako bat izan zen eta hainbatetan hitz egin zuen bizitakoaren inguruan.

2009an ARGIAk elkarrizketa egin zien Ugarteri eta haren alaba Haize Goikoetxeari, Josu Martinezek zuzendutako Itsasoaren alaba dokumentalaren harira. Besteak beste, sentitzen zuen minaren eta transmisioaren inguruan galdetu genion: "25 urte nituen eta bi alaba, urtebetekoa bata eta lau urte egin berriak bestea. Aurrera egin behar duzu. Ez nuen eurengan zamarik jarri nahi", azaldu zuen.

Ugarte Goikoetxea ama-alabek sarritan eskatu izan dute GALen dokumentuak desklasifikatzea, Txapelaren kontrako atentatuan gertatutakoa argitzeko. 2024ko urtarrilaren 7an, hilketaren 40. urteurrenean, Egiari Zorrek Derion antolatutako ekitaldi batean gauza bera eskatu zuten.

"25 urte pasa dira eta guk ez dakigu Mikel nork hil zuen, ez da inor kartzelan bera hiltzeagatik, ez da ezer argitu... –dio Ugartek ARGIArekin egindako elkarrizketan–. Zer gertatu zen jakiteko eskubidea daukagu, baina nori erreklamatuko diogu? Nork esango digu? Inork ez. Eta inpotentzia berbera sentitzen du torturatua izan denak, adibidez. Azkenean denok gaude pareta baten aurrean".

Mikel Goikoetxea 'Txapela' eta Izaskun Ugarte, Valençòlan konfinaturik zeudela aterarako argazki batean. ARGIA artxiboa / CC-BY-SA