argia.eus
INPRIMATU
Itziar Ituño: “Aldaketa bat exijitzea eta salatzea dagokigu; ea CAF enpresak ere berdina egiten duen”
  • Zinemaldiko hasierako gala izan da ostiralean, eta Kursaaleko oholtzan Palestinaren eta Israeli boikota egitearen aldeko aldarriak entzun dira. Itziar Ituñok, Silvia Abrilek eta Toñi Acostak aurkeztu dute gala, eta hiruek egin dute Palestinaren alde.

Maria Ortega Zubiate 2025eko irailaren 20a
Itziar Ituño Silvia Abril eta Toñi Acosta aktoreekin, Zinemaldiko irekiera galan. Donostiako Zinemaldia

73. Zinemaldiak ostiralean izan du irekiera, eta, ohi duen legez, ostiral iluntzean izan da irekiera gala. Gala aurkezteko arduradun, hiru emakumezko aktore: Itziar Ituño, Silvia Abril katalana eta Toñi Acosta kanariarra. Lehenengoak euskara hutsean egin du galako berba oro, eta lehenengoz hitza hartu duenean Isralei boikota egitea ekarri du oholtzara: "Aldaketa bat exijitzea eta salatzea dagokigu; ea CAF enpresak ere berdina egiten duen”. Ituñoren aurretik, beste bi aurkezleek ere izan dute parada Palestinaren aldeko hitzak zabaltzeko, “bakearen aldeko aldarria” egin dute, eta argi zehaztu: “Israel Palestina akabatzen ari da, eta Gazak libre bizi behar du”.

Ostiraleko foku eta kamera guztiak Kursaal areto barruan izan dira, eta milaka begi begira zituztela egin dituzte adierazpenok hiru aurkezleek. Baina areto kanpoan ere izan da aldarrirako aukera. “Israel boikot, Palestina askatu” garrasipean egin diete harrera  bertaratutako aktore eta izarrei ehunka manifestarik.

Zinemaldiak, nazioartean duen oihartzuna ikusita, aldarri bertsuak plazaratzeko aukera ikusi dute askok. Jaialdiaren aurkezpenean bertan, antolakuntzak Israelek palestinarrei egindako “imajina ezineko sarraskiak” salatu zituzten, eta “berehalako su-etena” eskatu.

Jaialdia hasi baino ez da egin, zortzi egun luze geratzen dira filmak eta aldarriak tartekatzeko. Bien bitartean, Silvia Abrilek mezu honekin itxi dugala: “Ez ahaztu pelikulak direla mundua aldatzeko tresna, erakusten delako nolakoa den mundua, eta egin dezakegulako hura politagoa; baina batez ere hobea.