Astearte gauean Israelen genozidioaren aurkako itxialdia "normaltasunez" egin dute DBH eta Batxilergoko ikasleek Iruñerriko hainbat institututan, ARGIAri kontatu diotenez. Itxialdi horiek egin ez zitezen saiatu da Nafarroako Gobernua, astearte eguerdian urgentziazko gutuna bidali baitzuen ikastetxeetara, zuzendariei eskatuz itxialdiak ez baimentzeko (haiek dute horretarako eskumena), "ez direlako hezkuntza, kirol, gizarte edo kultura ekintzak".
Foru dekretu bati erreferentzia eginez, Nafarroako Hezkuntza Departamentutik ikastetxeei gogoratu diete soilik hezkuntzari, kirolari eta arlo sozio-kulturalari lotutako ekintzak baimendu daitezkeela eta ikastetxeetako zuzendariei esan diete haien ardura direla itxialdiak baimentzeagatik sortu daitekeen edozein ondorio edo intzidentzia.
Hala ere, itxialdiak egin dituzte ikasleek, eta hainbat irakaslek ere hartu du parte gainera. Ikamak, IAk edota tokian tokiko ikasle antolakundeek deituta, Iruñerriko zazpi-zortzi institututan egin dituzte itxialdiak, normaltasunez burutu dituztela eta jendetza batu dela adierazi diote ARGIAri Ikamatik. Polizia ere agertu da institutu batzuetan eta Biurdanako institutuan esaterako, agenteak grabatzen aritu dira, ikasleak identifikatu nahian, “baina Polizia kanpoan eta ikasleak barruan, ez dute lortu”.
Iruñean BDZk bart deituriko martxa isilean ere parte hartu dute ikasle ugarik.
Polizia ere agertu da institutu batzuetan eta agenteak grabatzen aritu dira, ikasleak identifikatu nahian, "baina Polizia kanpoan eta ikasleak barruan, ez dute lortu".
Zein eragin izango du Gobernuaren gutunak?
Gau bateko itxialdia ote zen ala aurrera begira gehiagotan errepikatuko duten oraindik ez da gauza jakina, eta Ikamatik diote ez dakitela aurrera begira beste itxialdiren bat antolatuz gero Nafarroako Gobernuaren gutunak eraginik izango duen ikastetxeetako zuzendariengan. Kontuak kontu, "ikusita gainera Israelek ez duela genozidioa gelditzeko asmorik, bermatu behar da ikasleok mobilizatu ahal izatea, ikastetxea izatea mobilizatzeko esparru legitimo bat".
Hezkuntza Departamentuak, aldiz, mobilizazio eta itxialdi horiekiko "erabateko gaitzespena" adierazi nahi izan du, argudiatuz deitzaileek aldarrikatu dutela Israeli aurre egin behar zaiola berau desagerrarazi arte. "Palestinar herriaren sufrimendua amaitu behar da, gerra bukatzea lehenetsi beharreko helburua da (…) eta bizitzeko eskubidea ez dira errespetatzen ari Gazan –dio Nafarroako Gobernuak–, baina herrialde oso bat suntsitzea eskatzea aberrazioa da eta hezkuntza zentroek ezin dute halakorik onartu".