argia.eus
INPRIMATU
Israelgo portu batera heldu da Askatasunaren Ontzidia, eta aktibistak deportatzen hasi dira
  • Atxilotutako hamabi ekintzaileetako batzuk beren herrialdeetara bidaltzen hasi dira, baina zortzik uko egin diote deportazio dokumentuak sinatzeari. Astelehen goizaldean bahitu zuen Israelek Madleen itsasontzia nazioarteko uretan, Gazako kostaldetik 150 kilometro ingurura, droneekin inguratu eta soldaduak itsasontzira igo ondoren. Manifestazioa egin dute Baionan, atxilotutako aktibistak "berehala" askatzea exijitzeko.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 10
Israelgo soldadu bat Greta Thunberg ekintzaileari janaria eskaintzen, Madleen itsasontzia bahitu ostean. Israelgo Atzerri Ministerioa

Askatasunaren Ontzidia ekimenaren Madleen itsasontzia bahitu zuen Israelgo armadak astelehen goizaldean nazioarteko uretan zela, Gazako kostaldetik 150 kilometro ingurura. Zerrendara laguntza humanitarioa heltzea eta Israelek ezarritako blokeoa amaitzea xede zuten itsasontzian zihoazen hamabi ekintzaileek, tartean zeuden Rima Hassan LFI Frantzia Intsumisoa alderdiko europarlamentaria eta Greta Thunberg aktibista ezaguna. Israelgo soldaduek bahitu ondoren, herrialde horretako Ashdodeko portura heldu da itsasontzia, Euskal Herrian 20:00ak inguru zirenean.

Israelgo Atzerri Ministerioak jakinarazi du Thunberg jada Suedia bidean dela. Ekintzaileak ordezkatzen dituen Adalah erakundearen arabera, ekintzaile suediarrak beste hiruk sinatu dituzte deportazio dokumentuak. Beste zortzi aktibistek, ordea, uko egin diote dokumentu horiek sinatzeari, eta epaile batek eman beharko du haiek deportatzeko agin du. Adalahk jakinarazi du gehienez bi astez eduki ditzaketela atxilo.

Maiatzaren hasieran Israelek droneekin eraso egin zion Conscience itsasontziari, bertan mundu osoko 50 aktibista –tartean Mikel Zuluaga Mikelon euskal herritarra– zihoazela. Madleen itsasontzia Askatasunaren Ontzidiak aurten Gazara laguntza humanitarioa heltzeko eginiko bigarren saiakera da. Duela astebete abiatu zen itsasontzia Siziliatik (Italia), eta Israelgo armadak droneekin inguratu eta soldaduak bertara igo ostean amaitu da haren ibilbidea. Egun gutxi barru, ordea, Gaza eta Egipto arteko Rafahko pasabidera lurrez heltzeko nazioarteko martxa hasiko da. Ostiralean abiatuko da eta 80 herrialdeetako gutxienez 3.000 lagunek hartuko dute parte ekimen horretan, tartean 30 euskal herritar inguruk.

Manifestazioa egin dute Baionan

Baionako kaleak Palestinako banderez bete dituzte astelehen arratsaldean, atxilotutako ekintzaileak askatzea exijitzeko Herriko Etxetik abiatutako manifestazioan. Bahiketa "ilegala" izan dela gaitzetsi dute bertan bildutakoek, eta Israel Gazako palestinarren aurka egiten ari den genozidioa ere salatu dute.

"Israelgo soldaduek bizirik errematatu zituzten hainbat mediku"

Israelek Rafah hiritik gertu eginiko beste sarraski bat atera zen argitara martxoaren amaieran: hainbat langile humanitario eta mediku zihoazen ibilgailuei eraso egin zien Israelgo armadak, tartean UNRWA Nazio Batuen Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko eta Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuetako kideak. Hamabost lagunen gorpuak aurkitu zituzten Rafah hiriko hobi komun batean. Eraso horretatik bizirik ateratzea lortu zuen kide baten lekukotasuna argitaratu du berriki Ilargi Gorriak.

Asaad al Nasasra espedizioaren parte ziren bi anbulantzietako bat gidatzen ari zen Israelgo armadak eraso egin zien unean. Nasasrak adierazi du eraso horretatik bizirik ateratzea lortu zuten hainbat lagun "bizirik errematatu" zituztela soldaduek, eurei laguntza eske ari baziren ere. Gainera, Ilargi Gorriko kideak salatu du erasoaren ondoren 37 egunez atxilo eduki zuela Israelgo armadak, eta epe horretan torturak jasan zituela.