argia.eus
INPRIMATU
Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera
  • Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900 miliziano hil zituela; une berean, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, zerrendan hildako palestinarrak 53.000 ziren.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko abuztuaren 22a
Al-monitor

Israelgo agintariak Gazako palestinarren sarraskia "Hamas ezabatzeko" edota "mehatxu terrorista" baztertzeko helburuarekin justifikatzen saiatzen badira ere, datuek aurkakoa erakusten dute: Israelgo armadako barne agiri batean ageri diren datuen arabera, maiatzean zerrendako palestinarren genozidioan hildakoen %83 zibilak ziren, hau da, hildako sei palestinarretatik bost. Izan ere, Israelgo zerbitzu sekretuek kalkulatu zuten 2023ko urritik maiatzera bitarte armadak Hamas eta Jihad Islamikoa erakunde palestinarretako 8.900 miliziano hil zituztela borroketan. Epe berean, Gazako Osasun Ministerioaren datuek zioten zerrendan hildako palestinarrak 53.000 zirela –egun gutxienez 62.000 dira–. 

Israelgo armadaren barne agiri horretan ageri diren datuak ostegunean argitaratu zituen +972 hedabide independenteak, Erresuma Batuko The Guardian egunkariarekin eta Local Call hedabidearekin eginiko ikerketa batean. Datu horietan Israelgo zerbitzu sekretuen ustez Hamasen eta Jihad Islamikoaren adar militarrek osatzen dituzten 47.623 palestinarren izen-abizenak ere agertzen dira –34.973 Hamasekoak eta 12.702 Jihadekoak–. Datu horiek diote 2023ko urriaren 7az geroztik Gazan izandako borroketan Israelgo armadak 7.330 miliziano hil diuela, eta beste 1.570 "seguruenik" hilik daudela. 

Israelgo armadaren datu horiek gezurtatu egiten dituzte herrialdeko agintari ugarik Gazako palestinarren genozidioaren inguruan eginiko adierazpenak: esaterako, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak 2024ko maiatzean adierazi zuen –hildako palestinarrak 35.000 zirenean– zerrendan hildako zibilen eta milizianoen kopurua bera zela: 14.000 zibil eta Hamaseko nahiz Jihad Islamikoko 16.000 kide, haren arabera.

Hildako zibilen ehunekoa are altuagoa

Steven Donziger abokatu estatubatuarraren arabera, Israelek Gazan hildako zibilen kopurua are altuagoa izan daiteke: 2024ko uztailean, "aurreikuspen zuhurra" eginda, gutxienez 186.000 palestinar hilda egon zitezkeela ondorioztatu zuen The Lancet aldizkariak, Israelen zuzeneko indarkeriaz gain gaixotasunen eta bestelako arrazoien ondorioz hildakoak kontuan hartuta. Bada, kopuru hori uztailean eguneratu zuen Donzingerrek, eta The Lancet-en formula erabilita, ondorioztatu Israelek gutxienez 434.000 palestinar hil dituela 2023ko urriaz geroztik.

Gutxienez 21 herrialdek gaitzetsi dute Israelek Zisjordanian egin nahi duen kolonia bat

Gazako palestinarren sarraskiarekin soilik ez, Zisjordaniaren okupazioarekin ere aurrera jarraitzen du Israelek: joan den astean aurkeztu zuen E1 kolonia Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrichek. Jerusalem ekialdean eraiki nahi dute eta hamabi kilometro karratu hartuko lituzke. Urte amaieran eraikitzen hastea aurreikusten dute, eta 3.500 etxebizitza inguruk osatuko lukete.

Europako Batasuna, Nazio Batuen Erakundea eta gutxienez 21 herrialde –tartean Erresuma Batua, Australia eta Japonia, besteak beste–, ordea, plan horren aurka agertu dira. Ostegunean argitaratutako ohar bateratu batean adierazi dute Israelen asmo horrek "nazioarteko legedia urratzen" duela, etorkizunean bi estatuen soluzioa gauzatzea oztopatzeaz gain.