argia.eus
INPRIMATU
Israelgo Armadarentzat altzairua ekoitzi duen Sidenor enpresako burua saritu du Jaurlaritzak
  • LAB sindikatuak kritikatu du Sidenor enpresako buruari Joxe Mari Korta saria ematea, enpresa hori "Israelgo Armada indartzeko altzairua saltzen" aritu baita orain gutxira arte.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 11
Irekia

Israelgo armadarentzat tankeak ekoizten duten enpresa bati altzairua saldu dio Sidenorrek genozidio betean eta horrek kritikak eragin ditu. Kritika horien ostean, uztailaren hasieran Sidenorrek jakinarazi zuen enpresa israeldar horrekiko harremanak eten dituela. Orain Eusko Jaurlaritzak Sidenorreko buru Jose Antonio Jainagari  Joxe Mari Korta saria eman dio. LAB sindikatua kritiko agertu da Jaurlaritzaren erabakiarekin.

Sionistek genozidio aurrera eramateko beharrezko dituzten baliabideak ematez gain, LABek azpimarratu du Sidenorreko langileen baldintza kaxkarrak: "Sidenorrek langileak panpinak bezala erabiltzen ditu eta haien osasunarekin jokatzen du, ez du erosahalmena bermatzen eta Aldi Baterako Laneko Enpresen gehiegizko erabilera egiten du eta horrek prekarizazioa areagotzen du". Gainera, Eusko Jaurlaritzak "Talgoren salerosketa egiteko 45 milioi euro oparitu" dizkiola salatu du sindikatuak.

Hori guztia ikusita, instituzio publikoak eta zenbait hedabide Sidenor bezalako enpresak zuritzen ari direla salatu du sindikatuak, eta ez duela "inola ere onartuko Israelekin harreman komertzialak izatea, bereziki, Palestinaren kontrako genozidioaren konplize diren entitateekin eta nazioarteko legediaren arabera legez kanpo okupatutako lurraldeetan."