argia.eus
INPRIMATU
Israelek janaria jasotzera joaten diren palestinarrak hiltzen jarraitzen du: 27 hil ditu asteartean, eta 90 zauritu
  • Gazako Osasun Ministerioaren arabera, AEBek eta Israelek kontrolatzen dituzten laguntza humanitario banatzeko zentroetan 102 palestinar hil dituzte azken zortzi egunetan: "Gerra krimen beldurgarria da, nahita egindakoa eta behin eta berriz errepikatutakoa". Erasoa justifikatzeko asmotan, Israelgo armadak adierazi du hainbat palestinar "modu susmagarrian" ari zirela gerturatzen janaria banatzeko zentrora.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 03a
Palestinarrak laguntza humanitarioa banatzeko zentro batetik itzultzen. AFP

Hainbat nazioarteko erakundeek ohartarazi zuten GHF Gaza Humanitarian Foundation erakundeak soilik Gazan janaria banatzeko eskubidea izateak ekar zezakeen arriskuaz: esaterako, NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu zuen Israelek elkarte hori "Gaza erabat okupatzeko" bitarteko gisa erabiliko zuela. Bada, azken egunetako gertakariek hori berretsi dute: Gazako Osasun Ministerioaren arabera, AEBek eta Israelek kontrolatzen dituzten laguntza humanitario banatzeko zentroetan 102 palestinar hil dituzte azken zortzi egunetan. Azken sarraskia astearte goizean gertatu da, Gaza hegoaldeko Al-Mawasi herrian: 27 palestinar hil eta 90 zauritu dituzte soldadu israeldarrek. 

Erasoa justifikatzeko asmotan, Israelgo armadak sare sozialetan kaleratutako ohar batean adierazi du hainbat palestinar "modu susmagarrian" ari zirela gerturatzen janaria banatzeko zentrora, eta "mehatxu horri" erantzun diotela soldaduek. Hamas erakunde palestinarrak erasoa gogor gaitzetsi du, eta GHFri leporatu dio laguntza humanitarioaren banaketa baliatzea Gazako palestinarren desplazamendua bultzatzeko: "Etsai faxistak hiltzeko arma gisa erabiltzen ditu gosea eta bonbak".

"Krimen beldurgarria eta errepikakorra"

Gazako Gobernuaren komunikazio zerbitzuek salatu dute Israelek azken egunetan janaria banatzeko zentroetan eginiko erasoak "krimen beldurgarriak direla, nahita egindakoak eta behin eta berriz errepikatuak". Astelehen goizekoaz gain, larunbatean tankeak eta droneak Rafah hiritik gertu dagoen zentro batera joaten ari ziren palestinarrei eraso egiten hasi ziren, eta azkenean 31 pertsona hil eta 115 zauritu zituzten.

Horren aurrean, NBE Nazio Batuen Erakundeko Idazkari nagusi Antonio Guterresek azken egunetako gertakarien inguruko ikerketa batzorde independente bat "ahalik eta lasterren" eratzea eskatu zuen.