argia.eus
INPRIMATU
Israelek Irango telebista kate publikoaren egoitzari eraso egin dio, eta Netanyahuk mehatxu egin du Khamenei hilko dutela
  • Teherango barruti bati eraso egin ondoren, Israelek jaurtitako misil batek IRIB Irango telebista kate publikoaren egoitza izan du jopuntu. Erasoa gertatu aurretik Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek ohartarazi du "Irango propagandaren bozgorailua" desagertzear zela. ABC News hedabidean astelehen arratsaldean egindako agerraldi batean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak adierazi du Irango lider goren Ali Khamenei hiltzeak gatazka amaituko lukeela.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 17a
Israelek IRIB Irango telebista kate publikoaren egoitzaren aurka eginiko erasoaren ondorioak. AFP

Israelek eta Iranek elkarri eraso egiten jarraitzen dute, eta badirudi bi potentziek ez dutela su-eten akordio batera iristeko aukera ontzat ikusten. Orain arte gatazkak utzi dituen ondorioak honako hauek dira: Hossein Kermanpour Irango Osasun Ministerioko bozeramaileak igande honetan baieztatu zuen ostiraletik Israelen erasoek 224 pertsona hil dituztela Iranen; Israelen, berriz, Hareetz hedabideak jakinarazi du guztira 23 direla hildakoak. Hain zuzen, Tel Aviven azken erasoetako batek orain arte jopuntuan egon ez den helburu bat kolpatu du: IRIB Irango telebista kate publikoaren egoitza.

Teherango barruti batean dago IRIBren egoitza, eta Israelek erasoaren aurretik ohartarazi du gune hori helburu gisa zuela: ordu batzuk lehenago, Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek adierazi du "Irango propagandaren bozgorailua" desagertzear zela, eta Israelgo armadak ere eman du eremu hori ebakuatzeko agindua. Irango Atzerri Ministerioko bozeramailea den Esmaeil Baghaeik erasoa gaitzetsi du, eta "gerra krimena" dela salatu du.

Israelek Iranen aurka eginiko aire eraso gehienek eremu nuklearrak eta militarrak kolpatu dituzte, baita gune horietako buru diren pertsonak ere. Azken egunetako gatazkaren abiapuntua izan zen ostiraleko erasoan, Israelek Guardia Iraultzaileko buru Hossein Salami jenerala eta beste hainbat goi kargu hil zituen. Horietako bat zen Gholam Ali Rashid Irango armadaren Jatam-al Anbiya egoitzako komandantea. Bada, hura ordezkatu zuen Ali Shadmani ere hil du Israelek astelehen gauean. IDF Israelgo Defentsa Indarrek komunikatu bat argitaratu dute erasoaren harira, eta adierazi dute Shadmani Irango lider goren Ali Khameneiren "konfiantzazko gizona" zela.

Irango lider gorena ere, begiz jota

"Mehatxu nuklearra" deuseztatzeko bidean, Israelek Irango armadaren eta eremu nuklearraren buruak begiz jota edukitzen jarraitzen du, baita gorenetan gorena den Ali Khamenei ere. Izan ere, ABC News hedabidean astelehen arratsaldean eginiko agerraldi batean, Benjamin Netanyahu Israelgo ministroak adierazi du Khamenei hiltzeak ez lukeela bien arteko gatazka areagotuko, baizik eta "gatazka amaitu" egingo lukeela. Publikoki lehen aldiz aipatu badu ere, Israelek duela askotik du Irango lider gorena hiltzeko asmoa: Reuters berri agentziari Etxe Zuriko iturriek aipatu dioetenez, Tel Avivek aiatola hiltzeko plan bat aurkeztu dio Washingtoni, baina horrek ezezkoa eman dio.

Von der Leyen: "Israelek bere burua defendatzeko eskubidea du"

Asteartean amaituko da G7ko herrialdeek Kanadan egiten ari diren bilkura, eta Europako Batasuneko goi karguak ere bertan daude. Bilkurari ekin aurretik Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak eta Ursula Von der Leyenek prentsaurrekoa egin dute astelehenean, eta azken horrek Israel eta Iranen arteko gatazka izan du hizpide bere hitzaldian. Von der Leyenek adierazi du Netanyahurekin telefono dei bat izan duela berriki, eta Israelek "bere burua defendatzeko" duen eskubidea nabarmendu du: "Iran Ekialde Hurbilak bizi duen ezegonkortasunaren arrazoi nagusia da, eta ezin du arma nuklearrik eduki".