Israelek Gazarako su-etenaren urraketa ugari egin ditu urtarrilaz geroztik: zerrendako palestinarrak oinarrizko laguntzarik jaso gabe egon dira ia astebetez, eta Netanyahuk azken egunetan mehatxu egin ondoren, argindarrik gabe utzi ditu orain. Dohan ordezkari estatubatuarrekin eta qatartarrekin adosten ari diren su-etenaren mahairako talde bat bidaliko du Israelgo Gobernuak.
"Gazari argindarra hornitzeari utziko dion agindu bat sinatu berri dut. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da", horrela iragarri du erabakia Eli Cohen Israelgo Energia ministroak bere sare sozialetan. Horrez gain, Cohenek ohartarazi du Israelek gatibu guztien itzulera bermatzeko "eskura dituen baliabide guztiak" erabiliko dituela, eta gerra amaitzean Hamas ez dela Gazan geratuko. Aurreko astean Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak iragarri zuen zerrendako palestinarrentzako oinarrizko laguntza moztuko zutela.
Urtarrilaren 20ean sinatu zuten Gazako su-etena Hamasek eta Israelek, hiru fasez osatuta. Meniaren etorkizuna, ordea, ezjakintasun betean dago egun, Netanyahuren gobernuak igandean amaitu zen lehen fasea luzatzeko asmoa baitu, zerrendan gatibu dauden israeldar guztiak itzuli arte. Nahi hori erdiesteko neurri gisa ulertu zuen Israelgo lehen ministroak Gazara bideratutako oinarrizko laguntza mozteko erabakia: "Aurkaria presiopean jartzeko metodoak aplikatzen ari gara. Israelek ez du su-etenaren hurrengo faserik onartuko gatibu guztiak itzuli arte".
Duela bizpahiru aste kinka larrian egon zen Gazako menia, ordura arte bi aldeek egindakoaren kontrara, Israelek 620 preso palestinarren askatasuna gerarazi ostean. Al Jazeera hedabideari eginiko adierazpenetan, Basem Naim Hamaseko kideak menia behin eta berriz urratzea leporatu zion Netanyahuri, baina azkenean otsailaren 22an askatu ordez bost egunetara utzi zituen aske Israelek preso palestinarrak.
Israelgo Gobernuak bidalitako talde bat Qatarreko negoziazioetan izango da
Reuters berri agentziak larunbatean argitaratu zuenez, Netanyahuk AEBetako ordezkariek eginiko proposamena onartu du eta Israelek talde bat bidaliko du Qatarreko hiriburura, Gazarako su-etenaren negoziazio mahaira. "Elkarrizketentzako aurrerapauso" gisa ikusi du erabakia Israelgo lehen ministroak, eta ordezkari estatubatuarrekin eta qatartarrekin batera eseriko dira Israelgo Gobernuak bidalitako taldeko kideak.
AEBetako Gobernuak Gazako bahituak askatzeko Dohako negoziazioetan duen ordezkaria da Adam Boehler, eta CNN telebista kateari igandean eskainitako elkarrizketa batean esan duenez, AEBek "aukera asko" dituzte hurrengo asteetan Hamasekin su-eten akordio bat adosteko. Trumpen gobernuak erakunde islamistarekin izandako elkarrizketek eduki duten harrabotsaren aurrean, Boehlerrek Hamasen jarrera txalotu du: "Jende honek ez ditu bi adar buruan. Nahiko jende jatorra da". AEBak "Israelen agente bat" ez direla ere adierazi du, "interes propioak" baitituzte jokoan.