argia.eus
INPRIMATU
Israelek Gazako bi milioi palestinarrak Rafahko hondakinen gainean eraikitako “hiri” batean pilatu nahi ditu
  • Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek eman du asmoaren berri, eta adierazi du Gaza hegoaldean eraiki nahi duten "eremu humanitario" berri horrek hasiera batean 600.000 palestinar inguru hartuko lituzkeela; kontzentrazio esparru gisa funtzionatuko luke. Gaza iparraldean eginiko atentatu batean, miliziano palestinarrek gutxienez bost soldadu israeldar hil eta hamahiru zauritu dituzte. Trumpekin bildu da Netanyahu, Etxe Zurian, eta Trump Bakearen Nobel sariaren hautagai izatea proposatu du: "Munduan zehar bakea eraikitzen ari da".

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 08a
Trump eta Netanyahu, Etxe Zurian, astelehenean izandako bileran. Kevin Lamarque / Reuters

UNRWA Nazio Batuen Erakundearen Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak martxoan egin zuen ikerketa baten arabera, Gazan bizi diren bi milioi palestinarretatik %90ak euren bizilekuetatik alde egin behar izan du Israelen oldarraldia dela eta. Bada, Tel Avivek lekualdatutako palestinar horiek guztiak zerrenda hegoaldeko Rafah hirian pilatzeko asmoa du, egun hondakinez beterik dagoena. Israel Katz Israelgo Defentsa ministroaren arabera, hiri horretako hondakinen gainean "eremu humanitario" berri bat eraiki nahi dute, eta hasieran 600.000 errefuxiatu hartuko balituzke ere, euren helburua da Gazan bizi diren palestinar guztiak hartzea. 

Katzek jakinarazi du "eremu humanitario" hori "zaintzeko" ardura Israelgo armadak izango lukeela, eta hirira sartzeko segurtasun kontrol bat igaro beharko luketela palestinarrek, "Hamaseko kideak" ez direla egiaztatzeko. Hiriaren hainbat lekutan laguntza humanitarioa banatzeko puntuak jarriko lituzkete, antza denez, GHF Gazako Fundazio Humanitarioak –AEBen eta Israelen menpekoa– kudeatuta. Kritika asko jaso ditu erakunde horrek azken asteetan, maiatzaren amaieran zerrendan laguntza humanitarioa banatzeari ekin zionetik soldadu israeldarrek 750 palestinar inguru hil baitituzte laguntza horren bila zihoazela, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.

Gutxienez bost soldadu israeldar hilik, atentatu batean

Egunez egun Israel Gazan bizi diren palestinarren aurkako genozidioa gogortzen ari bada ere, erresistentzia palestinarrak ez du amore ematen: The Times of Israel egunkariak jakinarazi du astearte goizaldean, Beit Hanoon Gaza iparraldeko hirian eginiko atentatu batean gutxienez bost soldadu israeldar hil dituztela eta beste hamahiru zauritu. Hamaseko adar armatua osatzen duten Al-Qassam Brigadek argitaratutako ohar batean, erakunde palestinarrak adierazi du palestinarrak eta "erresistentziako borrokalari ausartak" direla Gazaren etorkizuna erabaki dezaketen bakarrak.

Etxe Zuria bisitatu du Netanyahuk

Miliziano palestinarrek Israelgo armadaren aurka eginiko atentatuaren berri Etxe Zurian zela izan du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Donald Trump AEBetako presidentearekin bildu da bertan, gehienbat joan den astean argitara atera zen Gazarako 60 eguneko menia akordioaz hitz egiteko, AEBek, Egiptok eta Qatarrek egina. Horrez gain, Netanyahuk gutun bat eman dio Trumpi, zeinaren bidez Etxe Zuriko maizterra Bakearen Nobel sarirako hautagai gisa proposatu duen. "Mundu osoan bakea eraikitzen ari da, oraintxe bertan, hitz egiten dugun bitartean", goraipatu dio Israelgo lehen ministroak Trumpi.

Gainera, Netanyahuk aldarrikatu du ekainean Iranekin hamabi egunez edukitako gatazka "garaipen ikaragarria" izan zela AEBentzat eta Israelentzat: "Israelen biziraupenari mehatxu egiten dioten bi gaitzak atzeratu zituen: gaitz nuklearra eta misilena". Irango gune nuklearrei eginiko erasoek, ordea, eztabaida piztu dute azken egunetan, ez baita zehaztu AEBen eta Israelen erasoek egindako kalteen neurria.

Izan ere, Trumpek behin baino gehiagotan adierazi badu ere Iranen gaitasun nuklearra "guztiz deuseztatu" zutela, Pentagonoak hori gezurtatu du: AEBetako Defentsa Departamentuko inteligentzia zerbitzuen txosten baten arabera, erasoek ez zituzten Irango gaitasun nuklearren "sustraiak" suntsitu, baizik eta bizpahiru hilabetez atzeratu.