argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Vuelta eta Israel taldearen aurkako ekintzak
Irunberriko protestengatik auzipetuak: “Elkartasuna delitu bihurtu nahi dute”
  • Pasa den irailaren 2an, Espainiako Vueltako 10. etapan, beste hainbat etapatan gertatu zen moduan eta Palestinaren aldeko kolektiboek deituta, Israel txirrindulari taldearen presentzia salatzeko protestak egin ziren Nafarroako hainbat puntutan, Irunberrin tartean. Protesta horietan parte hartzeagatik, lau lagun deitu ditu deklaratzera Agoizko Instrukzio Epaitegiak, abenduaren 18an. "Inor ez dadila engaina", diote auzipetuek, "hau ez da tramite judizial hutsa, Palestinaren alde ahotsa altxatzeagatik gu kikiltzeko saiakera zuzena da".

Jon Torner Zabala @jtorner 2025eko abenduaren 1
Espainiako Vueltak iraun zuen bitartean, Palestinar herriaren aldeko aldarriek bete zituzten errepide bazterrak. Ahotsa.info

Lesioak eragitea, desobedientzia, agintaritzari aurre egitea, desordena publikoak sortzea eta zirkulaziorako arriskuak eragitea egozten diete lau auzipetuei, Palestinarekin Elkartasuna plataformak jakinarazi duenez.

"Milaka lagunek hartu zuten parte Israelgo Estatuko txirrindulari taldearen aurkako salaketa eta boikot ekintza publikoetan, eta elkartasuna adierazi zioten Palestinako herriari", dio auzipetuek zabaldutako oharrak. Salatu dute Foruzaingoak bultzatutako kriminalizazio operazioa dela, helburutzat duena "elkartasuna delitu bihurtzea".

Gogorarazi dute Nafarroan lau pertsona direla auzipetuak, baina badirela gehiago: Larrabetzun, Bilbon, Enekurin... Eta Donostian abenduaren 10ean prozesu judizial bati aurre egingo diotenak. "Beldurra izatea nahi dute, baina argi esaten dugu: ez dute lortuko", adierazi dute, eta gizarteari dei egin diote "tinko mantendu eta errepresioaren aurrean atzerapausorik ez ematera". Era berean, isuna jaso, identifikatu edo zitazioa jaso duten pertsona guztiak gonbidatu dituzte euren egoera azaleratzera. "Ez zaudete bakarrik. Kolektiboki antolatu, babestu eta erantzungo dugu".

Lau auzipetu nafarrek salatu dute azken hilabeteotako Palestinaren aldeko "uholde ikaragarria" epaitegien bitartez geldiarazi nahi dutela: "Nazioarteko erakundeek genozidioa eta palestinarren garbiketa etnikoa dokumentatzen duten bitartean, hemen elkartasuna zigortu nahi da. Onartezina da". Gaineratu dute Palestina, bere herria eta haien erresistentzia erdigunean izan behar direla, eta ez dutela onartuko "errepresioak elkartasuna ezabatu nahi izatea". 

"Palestina da batzen gaituen kausa, mugiarazten gaituena", diote: "Borrokan jarraituko dugu justizia eta askatasuna egia bihurtu arte. Borrokak beti ematen ditu bere fruituak: Israelgo estatu sionistak jada ez du bere genozidioa zuritzeko txirrindulari talderik".