Bizilaguna duen gizonezko batek etxe atarian hainbat ukabilkada eman dizkio, “lesbiana zikina” eta “emagaldua” oihukatzen zion bitartean. Kazetariak lehenago ere salatu du bere kontrako jazarpena militantzia feministagatik.
Irantzu Varelak bere Twitter kontuan eman zuen igande gauean erasoaren berri, “gure desadostasunak konpondu nahi izan ditu lau ukabilkada emanez eta ‘puta’, ‘lesbiana’, ‘zikina’ deituz”, dio. Pikara Magazinek azaldu du gertaturikoa. Etxe atarian birziklatzeko kartoi batzuk zituela eta, bizilagun dituen senar-emazteak –beraien alaba ere bertan zegoen– kazetariaren txirrina jo eta etxe barrura sartu dira haserre: “Ondoren, etxe atarian, gizonezkoak lau ukabilkada jo dizkio aurpegian”, dio hedabideak. Honen arabera, “lesbiana zikina” eta “emagaldua” deitu dio joka ari zen bitartean.
Ertzaintza erasoaren tokian izan da eta Varelak goizean osasun zentrora jo du lesioak erakutsi eta salaketa jartzera.
Bere txioan, kazetari eta komunikatzaileak dio Basauriko Udaleko arkitektoa dela erasotzailea. Aipamen horri erantzun dio Udalak, eta zuzenketa bat “exijitu” dio Varelari, “funtzionarioaren eta Basauriko Udalaren izen ona mantentzeko”. Dirudienez, hainbat hilabete dira gizonezkoak jadanik ez duela Udalarentzat lan egiten.
Nolanahi ere, Basauriko Udalaren erreakzioak kritika ugari sorrarazi du sare sozialetan, eraso lesbofoboa jasan duen herritarra babestu beharrean modu horretan erantzuteagatik. “Mila esker elkartasun eta babesagatik –ihardetsi dio kazetariak Udalari ironikoki– zuen izen ona primeran geratu da”.
Varelak behin baino gehiagotan salatu du bere kontrako jazarpena eta biolentzia sare sozialetan, mugimendu feministan egiten duen lan eta aktibismoagatik. Bere kontrako pintaketak ere egin dituzte birritan ultraeskuindarrek, kolaboratu ohi duen Pikara Magazine-ren egoitzan eta Faktoria Lila zegoen lokalean.