argia.eus
INPRIMATU
“Ipuina engainua da” istorio bildumari musika jarriko dio Micek ostiralean Urruñan, Azokaldiaren kari
  • Aitzina doa Baltsan elkartean eta ARGIAk, Ziburu inguruko eragileekin batera antolaturiko Azokaldia. Datorren hitzordua maiatzaren 17an izanen da, Urruñako Berttolin. Bertako ikastolako Euskaraz Bizi taldearekin elkarlanean antolaturiko hitzordu literario musikatua dugu Ipuina engainua da.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko maiatzaren 16a
'Mice' Miren Narbaiza eta Iban Zaldua, irakurtaldi musikatua eskaintzen ari. Argazkia: Karrikiri

Ipuina engainua da liburua plazaratu zuen Iban Zalduak 2022an, kasik nobela labur gisa sailkatu daitezkeen ipuin luzeen bilduma berria. Mice artistaren musika doinuek lagundurik, sorkuntza plazaratzen dabil bikotea, izen bereko sorkuntza ezker eskuin emanez. Ondoko geltokia ostiral honetan izanen dute 19:00etan Urruñako Berttolin. Ziburuko Azokaren kari antolaturiko Azokaldiaren baitan doa ikusgarria.

Azokaldia da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean antolaturiko azokaren baitan doan aurtengo berritasuna: azoka aitzineko hilabete osoan dabiltza sorkuntzaren eta euskararen inguruko hitzorduak proposatzen. Proposamen horiek Ziburu inguruko eragileekin elkarlanean antolatuak dira, eta horien artean dira Azkaingo irakurle taldea, Urruñako ikastolako euskaraz Bizi eta Donibane Lohizuneko AEK.

Bosgarren aldiz iraganen da Ziburuko liburu eta diso azoka ekainaren 1ean Ziburun. Daniel Landart kultur egile oparoa omenduko dute aurten, 60 urtez euskal kulturari ekarritako guztiaz eskertzeko.

41 argitaletxe izanen dira bertan –inoizko gehienak–, 120 metro erakusmahai beteko dituzte denen artean euskarazko irakurgai eta musikarekin eta egitarauan orduerdiro izango da ekitaldiren bat gozatzeko: sei liburu aurkezpen, lau kontzertu txiki –Lumi, Bloñ, Pelax eta Hegazkin–, haurrentzako ikusgarriak, bertso eta marrazki saioa, umorezko ikusgarria ala beste.