argia.eus
INPRIMATU
Herri Elkargoa
Iparraldeko gizartearen aburua
  • Ipar Euskal Herriko gizarte eragileek Euskal Herria Elkargo Bakarraren aldeko hautua berretsi dute, Garapen Kontseiluak ezagutzera eman duen txostenaren bitartez.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2015eko azaroaren 13a

Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak herriarteko lankidetzako departamendu eskema aurkeztu du. Ipar Euskal Herri mailako HELEP (Herrien Elkargoa) bakarraren sortze proiektua kontuan hartu du eta berau osatzeko bitartekoak aurkeztu ere.

Txostenean 50 ekarpen baino gehiago bildu dira. Gizarteko elkarteek landutako gaiek osatuta dago eta gizartearen beharren adierazleak dira. Gaiek gizartearen saretze eta uztartze beharra agertu dute, eta hori egin ahal izateko egitura bakarra eraikitzearen premia. Oroitarazi behar da, gizarteko eragileak Garapen Kontseiluko kideak direla.

Garapen Kontseiluaren iritzia Euskal Kosta-Aturri hirigunea Elkargo bakarraren kontra agertu den astean heldu da.

Iragan astelehenean Euskal Kosta-Aturri hiriguneko hautetsiek beren jarrera eman zuten ezagutzera. Hautetsi horietatik 22 elkargo bakarraren aurka agertu ziren, aldeko hamar boto eta abstentzio bat izan ziren bestalde.

Aldeko jarrera argia erakutsi zuten besteak beste: Colette Capdevielle Baionako hautetsiak –Frantziako diputatu sozialista– hiri bereko Martine Bisautak, Max Brisson Miarritzekoak, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Kosta-Aturriko buruak eta Peio Claverie Miarritzeko hautetsi abertzaleak. Aurka bozkatuko zutenen artean daude Claude Olive Angeluko auzapeza, Emmanuel Alzuri Bidartekoa, Michel Veunac Miarritzekoa eta Francis Gonzalez Bokalekoa.

Ipar Euskal Herriko 158 herrietatik 30ek eman dute iritzia orain arte: 23 herrik alde eta zazpik kontra. Gainerako herriek azaroaren amaierarako eman behar dute berea.