argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herritik elkartasuna adierazi diete A69 autobidearen aurkako grebalariei
  • Ostia kolektiboak eta Bizi!-k deiturik 70 lagun elkartu dira Baionan, Okzitaniako Tolosa eta Castres herrien arteko autobide egitasmoaren aurka. Donibane Garaziko Herriko Etxea okupatu dute Herribiltzako bi lagunek ere urriaren 10ean. Obrak geldiarazteko abiaturiko gose eta egarri greba utzi dute aktibistek, hain zuzen, "behin-behinean geldiaraztea" lortu dutelako.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko urriaren 12a
A69 autobidearen aurka Baionan antolaturiko elkarretaratzea. Argazkia: Ostia.

Okzitanian egin nahi duten A69 autobidearen obrak "behin-behinean" geldiaraztea lortu dute gose eta egarri grebalariek urriaren 11n. Hala ere, makroproiektua ez da behin betikoz baztertua eta "adi gelditzeko" deia luzatu dute egun berean Baionako elkarretaratzetik. Ostia kolektiboak deiturik eta Bizi!-k bat eginik, 70 bat lagun elkartu dira Baionako Herriko Etxearen aitzinean.

Ostiral honetan bilduko dira Tarn eta Tolosako prefetak eta lekuko hautetsiak, "egitasmoaren aitzinamenduaz puntu bat egiteko, eta perspektiba ezberdinak aztertzeko". Garraioen ardura duen Frantziako Ministerioak bideratu du bilera. Hori ikusirik, gose eta egarri greba utzi dute aktibistek. Gose greba hasi zuen Thomas Brail militanteak irailaren 1ean, Parisen. Ordutik, beste hamabost ekologista juntatu zitzaizkion gose grebara, eta, astelehenean, hiruk egarri greba ere hasi zuten.

Herribiltzaren okupazioa

Grebalariei elkartasuna adierazteko asmoz, Donibane Garaziko Herriko Etxearen okupazioa burutu dute astelehenean Herribiltzako bi kidek: "Euskal Herrian lurren artifizializazioaren kontra eta laborantza herrikoiaren alde lan egiten dugunok, gurean edo kanpoan gertatzen denak berdin hunkitzen gaitu".

Lurraren Altxamenduak kolektiboak deituriko ekintzara batzeko deia ere egin dute asteazkenean Baionatik. Izan ere, urriaren 21ean eta 22an autobidearen obrak blokeatzera joateko deia egin dute.