argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxista pairatu dutenei aukera eskainiko zaie epaitegian laguntzaileak izateko
  • Eusko Jaurlaritzak probarako egitasmoa abiatu du Bilboko auzitegietan. Datorren urtean balorazioa egingo da, eta egitasmoa EAEko gainontzeko epaitegietan ezarri ala ez erabaki.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 03a
Azaroaren 25eko manifestazio feminista Bilboko auzitegien aurrealdean (Argazkia: Ecuador Etxea)

Hilabete amaieran abiatu nahi du probarako egitasmoa Eusko Jaurlaritzak. Bilboko auzitegietan bost pertsonako laguntzaile talde bat jarriko dute, psikologoek eta gizarte hezitzaile eta langileek osatua. Maria Jesus San Jose Justizia Sailburuaren hitzetan, “biktimek auzitegietan jasaten duten estresa ahalik eta gehien murriztea da helburua”.

Genero indarkeria edo sexu bortizkeria jasan dutenei epaitegietan egin beharreko bidea erraztea izango da taldearen egitekoa. Erasoa pairatu duenari prozeduraren gaineko informazioa helarazteaz gain, konpainia ere egingo diote epaitegian sartzerakoan eta itxaronaldietan, erasotzailearekin topo egin dezan ekiditeko. Indarkeria jasan duen emakumeak seme-alabak izatekotan, horiek ere jaso ahalko dute laguntza. Zerbitzua borondatezkoa izango da, eta erasoa jasan duenak erabakiko du honetaz baliatu ala ez, bere behar eta nahien arabera.

Urriaren bukaera aldera martxan jartzea aurreikusten den egitasmoak urtebeteko bidea egingo du, eta ondoren balorazioa egingo da. Balorazio horren arabera erabakiko da EAEko gainontzeko epaitegietan laguntza ezarri ala ez.

Bizkaiko hiriburuko auzitegietan emango ditu lehen pausoak egitasmoak. Feminicidio.net behatokiak Espainiako Estatuko Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak genero indarkeriaren gainean emandako 2016ko datu estatistikoekin egindako analisien arabera, indarkeria jasan duten emakumeak okerren artatzen dituen lurraldeen artean dago Bizkaia. Gaia hizpide izan genuen ARGIAren 2619. zenbakiko Indarkeria matxista salaketak: Prozesu judizialaren argi-ilunak erreportajean.