argia.eus
INPRIMATU
Ikasle guztiak kontuan hartuko ez dituen ikasturte amaiera planteatu du Jaurlaritzak
  • EAEko ikasturte amaiera ikastetxe bakoitzaren bizkar utzi du Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza planak, baina konfinamendu egoerak areagotu duen ikasleen arteko arrakalarentzat ez du neurririk planteatu. Aldiz, fokua eta lehentasuna ikasgai instrumentaletan eta promoziorako diren mailetan jarri du. Horiek dira sindikatuek egiten dizkioten kritiketako batzuk.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko apirilaren 23a

Argi dute sindikatuek: berandu dator Jaurlaritzaren plana, Madrilen erabakitakoari jarraitzen dio gutxi-gehiago, eta ez dute ulertzen nola ez duen hezkuntza komunitatearekin plana aurrez adostu.

Ikastetxe batetik bestera dauden desorekak aipatu bai, baina horren erantzukizunaren gaineko autokritikarik ez egin izana eta batez ere, neurririk ez proposatu izana salatu dute sindikatuek. “Hezkuntza-sistematik kanpo jarraitzen duten ikasleei nola lagunduko dien argitu gabe jarraitzen du Jaurlaritzak. Ikasturtea bukatzeko bi hilabete falta dira eta administrazioa ezin da mugatu familia horien eskuetan ordenagailu bat jartzera”, dio STEILASek.

Haurreskolak eta Hezkuntza Berezia?

Lehentasuna 4. DBHn eta Batxilergoko 1. eta 2. mailan jartzea ere ez dute egoki ikusi. “Eskola presentzialetara itzultzearen aukera maila horiei zein Lanbide Heziketari lotzen die sailburuak, irakaskuntzaren eredu produktibo eta ekonomizista agerian utziz”, gehitu du LABek. Cristina Uriarte sailburuak aipatu ez dituen beste mailak aldarrikatu ditu STEILASek: “Idazketa lantzen ari den ikasmaila, Batxilergoa bezain garrantzitsua izan daiteke ikuspuntu pedagogiko batetik”. Haurreskolak, Hezkuntza Berezia eta zerbitzuetako langileak aipatu ere ez egin izana kritikatu dute. Gauza bera espezialitate eta arloekin: adibidez, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei arreta ematen dieten langileak edota Musika irakasleak ez dira ordezkatuak izango (ez dituztelako ezinbestekotzat hartu).

Ikastetxeetarako itzulera iradoki baina osasun-neurriez argibiderik ez eman izana gogor salatu du ELAk: “Osasuna bermatzeko neurriak eztabaidatu gabe ikasturtea martxan jarriko dela jakitea fribolitate hutsa da”.

Errefortzurako zein baliabide bideratuko dira?

Errefortzuaren garrantzia ere azpimarratu du Hezkuntza sailburuak, baina zeintzuk izango dira baliabide gehigarri horiek? Neurririk ez iragarri izanak harritu ditu sindikatuak eta plantillak indartzea, ratioak jaistea eta behin-behinekoak egonkortzea eskatu dute, besteak beste.

Ikastolen Elkartea, pozik

Oso bestelakoa da Ikastolen Elkarteak egin duen balorazioa. Hasteko, erabakia “hemen eta ez Madrilen” hartu izana txalotu du. Horrez gain, “egokia iruditzen zaigu EAEn inork ez errepikatzea etxealdiaren ondorioz eta erabaki hori ikastetxe bakoitzaren irakasle taldearen eskuetan egotea”. Bestalde, “garrantzitsua da hezkuntza errefortzuak, norbanako planak eta curriculum-egokitzapenak aurreikusita egotea planean. Positiboa iruditzen zaigu, halaber, ikastetxeei ebaluazio propioa egiteko aukera ematea”, eta positibotzat dute, baita ere, “itzultzen diren lehenak jokoan zerbait dagoen ikasturtekoak izatea, hau da, DBH4 eta Batxilergoko bigarren maila”.