Emakume transexual bat bortxatu zuten igandean Gasteizko Abetxuko auzoan; uztailaren 22an, antzeko beste eraso bat salatu zuten hiriburuan. LGTBI+ kolektiboaren aurkako 15 kasu atzeman ditu maiatzetik Arabako Ikusgune behatokiak. Asteazkenean, elkarretaratzea antolatu dute erasoak salatu eta genero indarkeriaren eta LGTBI+ fobia kasuen igoeraren aurka egiteko.
Arabako Ikusgune LGTBI+ fobiaren aurkako behatokiak kolektiboaren aurkako 15 eraso atzeman ditu azken hiru hilabeteetan: zazpi gorroto diskurtso, lau eraso fisiko eta beste lau bazterketa kasu. Gainera, Euskal Herri osoan lau emakume hil ditu indarkeria matxistak. Erakundeak, Gasteizko Mugimendu Feministak eta E28 Koordinadorak asteazkenean egindako manifestazioan salatu dute genero-indarkeriaren eta indarkeria LGTBI+ fobikoaren gorakada nabaria dagoela.
“Eraso eta gorroto diskurtsoen igoerari aurre egiten ari gara. Matxismoari, arrazakeriari eta transfobia kasuei”, adierazi dute antolatzaileek. Beren ustez, eraso horiek ez dira isolatutako gertakariak, arazo estrukturala baizik: kolektiboaren aurkako ideiak “faxismoaren laguntzaile eta legitimatzaileak” dira, eta “irabazten ari dira kaleetan, hedabideetan eta parlamentuetan”. Erasoekin bukatzeko, pentsamendu LGTBI+ fobiko eta zisheterosexista errotik ezabatu behar dela azaldu dute elkarretaratzera hurbildutakoek.
Horretarako, “feminismo transinklusiboa” sustatzearen garrantzia azpimarratu dute. Emakumeen aurkako indarkeria bultzatzen duen sistema biolentoak andrazko “guztiei” eragiten diela azaldu dute. “Diskurtso esentzialistak” atzean utziz, egitura horri batera aurre egin behar diotela gaineratu dute, ekintza komunak sustatuz mugimendu feministaren eta sexu-generozko disidentzia komunitatearen artean.
Igande iluntzean Gasteizko Abetxuko auzoan gertatutako erasoaren harira bildu dira antolatzaileak asteazkeneko elkarretaratzean. Asteburuan, gizonezko batek labanaz mehatxu egin zion emakume transexual bati, eta bortxatu egin zuen. Erasotzaileak ihesari eman zion, eta emakumeak salaketa jarri zuen Ertzaintzan.
Uztailaren 22an, berriz, antzeko eraso bat jazo zen. 64 urteko emakume bat Gasteizko alde zaharreko taberna batetik irten zen, eta gizonezko batek “marikoi zikina” deitu zion. Erasotzaileak hiru ukabilkada eman zizkion, eta lurrera bota zuen.